Gerria astintzeko prest

Mireia Galarza Bastida - Usua Garin 2025ko urt. 15a, 09:15

Zarauzko inauterietako konpartsaren saioa urteko hitzordu berezien artean kokatzen da; gero eta partaide gehiago ditu, gainera. Joan den igandean egin zuten lehendabiziko entsegua.

Zarauzko inauterietako konpartsa 2017tik gaurdaino indarra hartzen joan da, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Igandean hasi zituzten entseguak, eta antolatzaileek azaldu dutenez, orotara 250 herritarrek eman dute izena taldean, inoiz baino gehiagok.

Turismo sailak inauteriak indartzeko asmoz sortu zuen konpartsa 2017an, eta lehen aldi hartan, 70 herritar inguruk eman zuten izena, Grease film ezaguneko dantzak ikasi eta kaleetan horiek erakusteko. Marisa Merino dantza eskolako irakasleek hartu zuten koreografia sortzeko lana, eta egun pertsona berberak aritzen dira zeregin horretan: Joana Merino eta Yasmilka Rodriguez. Betiko irakasleak izanagatik ere, gora egin du parte hartzaile kopuruak, lehen urtetik hirukoiztu egin baita.

Parte hartzaile kopurua bezala, urtez urte aldatzen joan da dantzatutako musika estiloa ere. Aurten, rock doinuetan oinarritutako koreografia kaleratuko dute, eta joan den igandean izan zuten lehen kontaktua estilo horrekin partaideek, Antoniano kiroldegiko hotzari aurre egiten zioten bitartean. Aurreko urteetan, besteak beste, Abba taldean, Moulin Rouge filmean edota aerobik estiloan oinarritutako dantzak egin dituzte zarauztarrek.

Dena dela, igandekoak ez zuen lehen entsegua ematen, oso ondo moldatu baitziren dantzariak koreografiarekin, bai ume eta bai helduak. Hain zuzen ere, horixe izan zen entseatzeko erabili zuten hurrenkera; lehenik etxeko txikienak aritu ziren, eta gero helduak. Aurrera begira, inauteriak bitartean, beste bozpasei entsegu egingo dituzte, horiek guztiak Aritzbatalde kiroldegian: urtarrilaren 19an eta 26an eta otsailaren 2an, 9an, 23an eta 28an.

Rodriguez, «oso gustura»

Lehen entsegua amaitu berritan, Rodriguez irakaslea "oso gustura" agertu da parte hartzaileek erakutsitako mailarekin. "Kontuan izan behar dugu lehen egunean bestelako zeregin batzuk izaten ditugula dantzan hasi aurretik, eta hori horrela izanda ere, primeran egin dute dantza", gehitu du Rodriguezek.

Rock estiloan ere "eroso" ikusi ditu Rodriguezek zarauztarrak, eta horri buruz ere mintzatu da: "Urtero, parte hartzaileei inkesta bat bidaltzen diegu, eta bertan ikusten dugu hurrengo urterako zer eskatzen duten. Hori da rock estiloa aukeratzeko arrazoietako bat".

Eroso egoteaz gain, «gogotsu» ere ikusi ditu Rodriguezek parte hartzaileak, eta zera erantsi du: "Berez 190 pertsonarentzat ireki genuen zerrenda, baina langa gainditu dugu. Itxaron zerrendan pertsona asko geratu ziren hasieran, baina azkenerako denak onartzea erabaki genuen".

Alabengatik

Miren Ros da parte hartzaileetako bat, eta aurtengoa ez da konpartsan aterako den lehenengo urtea. "Alabekin zerbait egiten hasteko eman genuen izena hainbat amak, eta orain guk jarraitzen dugu", esan du. Gaineratu duenez, entseguetara joateak "ardura eta konpromisoa" eskatzen baditu ere, beraiek ondo pasatzen dute, eta hori da "garrantzitsuena".

Halaber, aurten ere entseguak "oso gustura" hasi dituela gehitu du Rosek, eta inauteritarako gogoz agertu da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide