Niko Vazquezen 'Egin Bilbo grisa berriro' ikusgai izango da gaurtik Photomuseumen

Maria Maya Manterola 2025eko urtarrilaren 14a

Niko Vazquezen bildumako irudi bat: 'Ama josten'.

Lantegien Bilbo grisa berreskuratu du Vazquezek, adimen artifiziala erabilita. Gaurtik otsailaren 16ra artean bisitatu ahal izango da bilduma, Photomuseumen.

Duela hamarkada batzuetako Bilbo irudikatu du Niko Vazquezek Egin Bilbo grisa berriro bilduman. Adimen artifizialarekin egindako irudiak dira Vazquezenak, eta dagoeneko desagertuta dagoen hiri bat birsortu du horien bitartez. Gaur, hilak 14, zabalduko dute erakusketa Photomuseumen, eta ikusgai izango da otsailaren 16ra artean. Asteartetik igandera irekiko dute aretoa, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Guggenheimen, egile ezagunen eraikinen eta turisten Bilbo alde batera utzi, eta garai bateko lantegi handien hiria berreskuratu du irudietan. Arte garaikidean aditu Arantza Lauzirikak hala deskribatu du: "Arkitekto ezagunen eraikinak, merkantzia-biltegiak zeuden lekuan; kongresu-jauregiak, ontziolak zeuden puntuan; parkeak, lantegiak zeuden auzoetan… guretzako, inposatutako hiri bat da, arrotza, non ez dugun gure burua ezagutzen". 

Josteko makina zaharretan lanean diharduten adineko emakumeak, kale huts grisak eta kea darien tximini altuak nahiz kanikekin jolasean dabiltzan haurrak ikus daitezke irudietan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide