Gutako nork ez du bizi izan noizbait kudeatzen ez zekien egoeraren bat? Sentitu al zara inoiz haserre edota triste elkar ulertu behar duzun pertsonarekin ezin lortu zabiltzalako? Eta pertsona hori gainera kutuna baduzu? Zer gertatzen da orduan?
2000/2001 ikasturtean, Ramon Alzate irakasle izan nuen psikologiako lizentziaturan. Berak Gatazka konponketa izeneko ikasgaia ematen zuen eta hasieratik maitemindu nintzen esaten zigun guztiaz. Berarekin, bitartekaritza zehazki zer den ezagutu eta ikasi nuen. Zorionez, praktikuma berarekin eta berak kudeatzen zuen taldearekin burutzeko aukera izan nuen, gaur egun lagun onak diren beste bi ikaskiderekin batera. Gero, Madrilera joan ginen ikasitakoan sakontzera.
Bitartekaritza pasioaz gain gaur egungo lanbide nagusia dut. Asko eman dit: poza, irakaspenak, ezagutza eta buruhausteak.
Familia arloan dihardut, hainbat egoera eta eskaera ezberdin izaten ditut. Artatzen dudan familia bakoitzaren bizitzan sartu eta laguntzea oso berezia da eta benetan pribilegiatua sentitzen naiz.
Errespetuz saiatzen naiz nire lana egiten, bitartekaritzaren printzipioak jarraituz, neutraltasunez (profesionalon iritzi pertsonalak alde batera utzi behar direlako bitartekaritzan) eta inpartzialtasunez, hau da, familia osoaren alde egiten da, nahiz eta batzuk elkarrizketa saioetan presente ez egon.
Hau guztia borondatez aukeratzen du egoeraren protagonista bakoitzak, noiz hasi eta noiz bukatu, eta guztia ondo joan dadin isilpean mantentzen da hitz egiten den guztia. Beste era batera esanda, ezin da bestelako helburuetarako erabili.
Gure lana gidari lana da: hitzartutako saioen gidariak gara eta ez protagonistak. Gidari bezala komunikazioa bideratu eta errazten dugu. Hau guztia, errespetua eta kalitatea bermatuz eta behar den gaietan orientatuz. Besterik ez. Erraz esaten da eta, aldi berean, konplexu bihurtu daiteke.
Zergatik diot hau? Ba batzuetan, guregana datozenek epaile bezala jokatzeko eskatzen digutelako. Fede onez eskatu ohi digute beraientzat onena zer den edo behar duten hori azaltzea, baina ez da hori gure lanaren helburua. Besteetan aldiz guk geuk, profesional gisa, gure barne-lana ondo egin behar dugu, gu ere pertsonak garelako.
Zorionez, baliabide pribatuez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan badugu Familia Bitartekaritza Zerbitzu publikoa, familia barruko era guztietako gatazketan lagunduko dizun doako zerbitzua. Interesa bazenu, jar zaitez nirekin harremanetan eta gustura erantzungo dizut.