Hasiera ederra eman diote ZAEko ontziek Gipuzkoako batel ligari

Intza Trula 2025eko urtarrilaren 13a

Larunbat eguerdian jokatu zuten ZAEko zazpi batelek denboraldiko lehen jardunaldia, Errenterian.

Bikain hasi dute Gipuzkoako batel liga Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariek. Guztira, zazpi batel uretaratu zituen larunbatean ZAEk Errenterian (Gipuzkoa), denboraldiko lehen jardunaldian: infantil mutiletan bi, eta infantil nesketan, promesa mutiletan, promesa neska mistoetan, jubenil nesketan eta absolutu mutiletan bana.

Infantil neskak bigarren postua eskuratu zuten, Mutrikuren atzetik; infantil mutilek lehen bi postuak lortu zituzten; promesen kategorian ontzi mistoek eta mutilek batera jokatu zuten estropada, eta ZAEko batel mistoa izan zen azkarrena. Azkenik, jubenil neskek eta absolutu mutilek ez zuten egun onena izan, eta zazpigarren eta seigarren postuarekin konformatu behar izan zuten, hurrenez hurren.

Guztira, hamabi jardunaldiz osatuko da aurtengo liga, beti ere, eguraldia lagun bada. Apirilaren 5-6ko asteburuan bukatuko da; larunbateko estropadan ligari amaiera emango diote, eta, era berean, proba baliagarria izango da igandean izango den Gipuzkoako Batel Txapelketarako.

(Argazkiak: Iker Larrañaga)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide