Aritzbatalde kiroldegia crossfitaren topagune bihurtu da astebukaera honetan: 700 atleta inguru ari dira guztia ematen Northfit Zarautz txapelketan, eta ez dirudi inork geldituko dituenik. Hiruko taldetan osatuta, eta lau kategoriatan –Rx, Scaled, Intermediate eta Master +35– banatuta, lau WOD edo bloke osatu beharko dituzte, finalera sailkatu nahi badute; guztietan emakumezkoen zein gizonezkoen mailan.
Lehenengo biak egin dituzte goizean, bata igerilekuan eta bestea pilotalekuan, eta harmaila batean zein bestean ez dira zaleen, familiako kideen eta lagunen animo oihurik falta izan. Atletek menderatu beharreko probak indarra, abiadura eta teknikaren arteko uztarketa dira, eta iaioenak izan dira ondoen moldatzen ari direnak. Hala ere, egundoko ahalegin fisikoa egiten ari dira parte hartzaile guztiak, giharrak muturreraino eraman arte eta izerditan blai bukatzeraino.
Crossfitak gero eta zale gehiago ditu han eta hemen, baita herrian ere. Parte hartzaileen gehiengoa kanpokoa den arren, zarauztarrik ere izan da, eta erakustaldi ederra eman dute goizeko jardunaldian; emaitzak zuzenean jarraitu daitezke esteka honetan. Hirugarren WODa 17:30ean hasi da eta 21:30era arte izango da, eta bihar, 08:15etik 12:15era, laugarren proba jokatuko dute; ondoren, hamabost talde onenek finala jokatuko dute, 12:45ean hasita; aipatutako proba horiek guztiak pilotalekuan egingo dituzte.