Eskubaloi zaleentzako opari ederra

Aritz Mutiozabal 2025eko urtarrilaren 11

Amenabar Zarauzko kapitain Mikel Beristain eta Txileko kapitain Rodrigo Salinas. (ZKE Eskubaloia)

34-23ko emaitzarekin irabazi zuen Txileko selekzioak Amenabar Zarautz eskubaloi taldearen aurka. Baina, ororen gainetik, eskubaloia gailendu zen, ostegunean, Aritzbataldeko kantxan jokatutako lagunartekoan. 

Ikusmina handia sortu zuen Amenabar Zarautz eta Txileko selekzioaren arteko eskubaloi partidak. Emaitza bata ala bestea izanda ere, herriko eskubaloizaleek gozatu ederra hartu zuten ostegun arratsaldean Aritzabataldeko kantxan jokatutako lagunartekoarekin. Izan ere, 60 urte beteko ditu ZKE Eskubaloiak eta antolatu dituzten egitasmoetako bat izan zen norgehiagoka.

Aitor Etxaburu hautatzaile eibartarrak zuzentzen duen Txile izan zen nagusi norgehiago amaieran, 34-23koarekin, baina zarauztarrak oso joko txukuna erakutsi zuten hasiera-hasieratik, eta ez zizkien aurkariari gauzak horren erraz utzi. Bigarren zatira arte aldeak ez ziren horren handiak izan, baina amaiera aldean txiletarrek beraien erasoa oldartu zuten eta lasai antzera irabazi zuten.

Datorren astetik aurrera, Eskubaloiko Munduko Txapelketa jokatzen hasiko da Txile, eta azken asteetan lehiaketa prestatzen dabil buru-belarri Euskal Herrian; Kroazian, Danimarkan eta Norvegian izango da, urtarrilaren 14tik otsailaren 2ra, hain justu ere.Txapelketa aurreko azkenaurreko testa izan zen Zarautzen jokatutakoa, eta azkena, berriz, bihar Pasaian (Gipuzkoa) Euskal Selekzioaren aurka izango duena.

Amenabar Zarautzentzat ere lagunarteko partida interesgarria izan zen, batik bat, Gabonetako etenaren bueltan, martxa ona berreskuratzeko. Datorren astean berrekingo dio liga denboraldiari, urtarrilaren 18an, 19:30ean hasita, Aritzabatalden, eta Dolmenes Antequera izango du aurkari. Zarautz eta Antequera sailkapeneko azken bi sailkatuak dira, hurrenez hurren, eta neurketa garrantzitsua izango da zulotik urrutiratzeko ahaleginean.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide