Udazkenean egindako entrenamendu saioen ondoren, lehiarako unea heldu zaie Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariei. Gipuzkoko batel liga hastear da, eta bihar eguerdian lehen jardunaldia jokatuko dute Errenterian, 12:30etik aurrera.
ZAEk zazpi ontzi uretaratuko ditu: infantil mutiletan bi, eta infantil nesketan, promesa mutiletan, promesa neska mistoetan, jubenil nesketan eta absolutu mutiletan bana.
Guztira, hamabi jardunaldiz osatuko da aurtengo liga, beti ere, eguraldia lagun bada. Apirilaren 5-6ko asteburuan bukatuko da; larunbateko estropadan ligari amaiera emango diote, eta, era berean, proba baliagarria izango da igandean izango den Gipuzkoako Batel Txapelketarako.