ZKE Eskubaloiko hainbat jokalarik zilarrezko domina lortu dute Euskal Selekzioarekin

Aritz Mutiozabal 2025ko urt. 10a, 14:00

Euskal Selekzioko jubenil neskek zilarra erdietsi dute (utzitakoa)

Zarauzko eskubaloi harrobiko ordezkaritza zabala izan du Euskal Selekzioak, azpiko kategoria guztietan, Katalunian jokatu den Autonomia Erkidegoko Espainiako Txapelketan.

Zilarrezko domina eskuratu dute Euskal Selekzioko jubenil neskek Autonomia Erkidegoko Espainiako Txapelketan. Finaleko partida gogorra bezain lehiakorra izan zen, baina azkenean Katalunia nagusitu zen 30-26ko emaitzarekin. Txapeldunorde izan ziren jokalarien artean Zarauzko zazpi izan dira: Nora Merino, Lore Martiarena, Dune Mendizabal, Nagore Alza, Elene Fresco, Leire Arregi eta Elene Omaetxeberria.

Infantil neskak ere finalera iritsi ziren, baina ezin izan zuten Valentziako selekzioaren aurka. Beraz, hauek ere zilarra zintzilikatu zuten, eta, tartean, ZKE Eskubaloiko jokalari Lore Azkue. Kadete mutilen selekzioan jokatu dute Jakes Zendoiak eta Joseba Tenak, eta hauek ere zilarrarekin itzuli dira etxera. Finaleraino iritsi eta irabazteko aukera izan zuten arren, azkenean Madrilgo selekzioa gailendu zitzaien, gol bateko aldeaz.

Infantil mutilen selekzioan, berriz, Unax Ansa, Niko Illarramendi, Mikel Etxaniz eta Unai Eizagirre aritu dira. Brontzezko dominaren lehian aritu ziren, baina azkenean ezin izan zuten irabazi.

Zarauzko beste  hainbat ordezkari ere izan da beste kategoria batzuetan, Euskal Selekzioarekin jokatzen: kadete nesketan, Sare Agirrezabal eta Lore Uribe; jubenil mutiletan, Markel Errasti, Joel Baltasar, Julen Orbegozo eta Inhar Uranga; eta  etxeko entrenatzaileak ere izan dira bertan, Mikel Alzaga eta Iñigo Moreno.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide