700 parte hartzaile inguru izango ditu aurtengo Northfit Zarautz crossfit txapelketak, iaz baino gehiago. Aurreko urtean egin zuten estreinakoz, eta lehen edizioak izandako arrakastaren ostean, bigarrenez antolatu dute kirol ekitaldia. Larunbatean eta igandean jokatuko dute Aritzbatalde kiroldegian; igerilekua nahiz frontoia izango dituzte lehia eremu.
Matias Biasco txapelketako antolatzaileetako batek zehaztu duen moduan, lau kategoriatan –Rx, Scaled, Intermediate eta Master +35– lehiatuko dute atletek, eta kategoria bakoitzean emakumeak eta gizonezkoak bereiziko dira. Hiru laguneko taldetan banatuta lehiatuko dute.
Hori hala, talde bakoitzak lau WOD (Workout Of the Day) egin beharko ditu; horietako bat igerilekuan izango da, eta gainerakoak frontoian. Lehen fase horretan puntuazio altuena lortzen duten hamabost taldeak igandean jokatuko den final handirako txartela eskuratuko dute.
Sari nagusiak ekonomikoak izango dira, eta gainerako mailetako irabazleei produktuak banatuko zaizkie. Esatari lanak Xani Tomek eta Ruben Santiagok egingo dituzte.
Asteburu "garrantzitsua" herriarentzat
Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak aipatu du "itxura oso ona" duela aurtengo txapelketak. Era berean, "oso gustura" agertu da dimentsio handiko txapelketa bat Zarautzen delako: "Nabaritzen dugu bai herriko jendeak bai kanpokoek oso ondo eta gogotsu hartu dutela lehiaketa". Hala, urtetik urtera txapelketa "hobea" antolatzeko asmoa erakutsi du Kirol zinegotziak.
Txapelketa hau Zarauzko herriarrentzat "garrantzitsua" dela ere esan du Illarramendik, "asteburuan jende asko etortzen baita herrira". Zera gehitu du: "Herriko komertzioak beteta egoten dira asteburuan, eta alde horretatik ere feedback oso ona izan genuen iaz".
Sarrerak eta ordutegia
Mila lagun inguruko edukiera du Aritzbataldeko frontoiak, eta behin sarrera erosita, asteburu osoan zehar nahi adina aldiz sartu eta atera ahal izango da bertatik. Asteburuko kirol ekitaldia ikusteko bi salneurri jarri dituzte aukeran: egun bakarrerako txartelak 6 euro balioko du, eta asteburuko bonoak, berriz, 10 euro. Sarrerak kirolguneko leihatilan jarriko dituzte salgai, bihar eta etzi.
Larunbatean 08:15etik 14:45era lehenengo proba jokatuko dute, eta 12:45etik 17:00etara bigarrena. Hirugarrena, berriz, 17:30etik 21:30era izango da. Igandean, 08:15etik 12:15era laugarren proba jokatuko dute, eta 12:45ean hasiko dira finalak.