Agortu dira sarrerak Anje Duhalderen kontzerturako, Antton Telleriaren bakarrizketa saiorako eta Arizona ikuskizunerako. Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak antolatu ditu hitzorduak, 2025eko lehen seihileko kultur programazioaren barruan.
Duhalde bakarlari lapurtarraren kontzertuarekin ekingo diote urteari, ostiralean, hilaren 10ean. 20:00etan hasiko da emanaldia, Modelo aretoan. Hilaren amaieran, urtarrilaren 24an, Antton Telleriak Ninini bakarrizketa komiko berria aurkeztuko du. Azkenik, Aitziber Garmendiaren eta Jon Plazaolaren Arizona antzezlana ekainaren 6an izango da.
Hiru hitzordu horietarako sarrerak agortuta dauden arren, beste hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango da ekainera bitartean. 2025eko lehen seihileko kultur programazioa honako lotura honetan ikus daiteke.