Urtea bukatzeko egun batzuren faltan, 2024ko Euskal Surf Decatlon Zirkuituko txapeldunak erabaki ziren Mundakan, bi egunez jokatu zen txapelketan. Abenduaren 28an kanporaketak jokatu zituzten emakumezkoen eta gizonezkoen kategorian, baita bodyboard mailan ere, eta aurrera jarraitu zuten surflariek finala jokatu zuten hurrengo egunean.
Bi zarauztar iritsi zire azken txanpararaino: Oxel Oregi gizonezkoetan, eta Mikele Beato emakumezkoetan. Tamalez, bietako inork ezin izan zuen garaipenik lortu, eta biak ala biak podiumeko hirugarren postuarekin konformatu ziren. Gizonezkoetan, Markel Bizkarguenaga gorliztarra izan zen txapeldun bigarren urtez, eta Eder Fuenes bigarren; Oregiren atzetik, Iker Triguerosek bukatu zuen, laugarren tokian.
Emakumezkoetan, sekulako erakustaldia emanez gailendu zen Bianca Tye sopeloztarra, eta haren segidan, bigarren postuan, Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarra sailkatu zen; ondoren, Mikele Beato eta laugarren, Alejandra G. Balboa. Euskalsurf Basque Planet Bodyboard Zirkuitua, berriz, Borja Gaizarainentzat izan zen.