Alex Padillak 2029ra arte berritu du Athleticekin

Aritz Mutiozabal 2025ko urt. 6a, 10:30

Alex Padilla, joan den astean, kontratu berria sinatu ostean. (Athletic Club)

21 urteko atezain zarauztarrak hiru denboraldi gehiagorako sinatu du talde zuri-gorriarekin. Hala ere, bere aurretik bi atezain gehiago daudela kontuan izanda, lagata irtengo da seguraski Mexikoko Pumas taldera.

Alex Padilla atezain zarauztarrak akordioa lortu dute Athletic Clubek eta bere kontratua 2029ko ekainaren 30era arte berritu. Hala, sinatuta zeukana baino hiru denboraldi gehiago egingo ditu talde zuri-gorrian. Egun 21 urte dituen jokalaria Gazte Mailan iritsi zen Lezamara Zarauztik, eta, harrezkero, etengabe joan da hazten, denboraldi honetan lehen taldearekin debuta egin duen arte.

Getaferen aurka jokatu zuen estreinakoz Espainiako Ligan, San Mamesen, eta, ondoren, beste hainbat partida ere egin zituen Bartzelona, Celta, Sevilla eta Gironaren aurka. Bere erakustaldiek, gainera, merezi izan diote Javier Agirrek zuzentzen duen Mexikoko selekzio absolutuaren dei jasotzeko; izan ere, Padillaren amaren mexikarra da.

Akordioa joan dean astean sinatu zuen zarauztarrak, Jon Uriarte presidentearekin eta Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusiarekin batera, Ibaiganen. Zuzendaritza Batzordeak kontratu berrietarako taxututako ildotik, Alex Padillaren kontratu berriak helburuen araberako aldagai-osagai bat duen soldata-egitura du.

Kontratua berritu duen arren, une honetan Athleticeko lehen taldeak bi atezain ditu Padillaren aurretik, Unai Simon eta Julen Agirrezabala. Beraz, zarauztar gazteak minutuak izan ditzan eta aktibo egon dadin, beste talde batera irtengo da lagata. Akordioa eginda dagoela dirudi, oraindik ofizial egiteke, baina Mexikoko Pumas taldera joango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide