Ongietorri beroa eman diete zarauztarrek Errege Magoei

Julene Sorarrain 2025ko urt. 5a, 21:21

Arratsaldeko 18:30 aldera iritsi dira bidaia luze baten ondoren Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak. Ehundaka zarauztar, gazte nahiz heldu, atera dira herriko kaleetara gaueko protagonistak agurtzera. 

Gabonak amaitzear daude, eta oporraldiari agur beroa emateko asmotan, hainbat zarauztar atera dira gaur arratsaldean kalera Errege Magoen desfileaz gozatzera. 

Arratsaldeko 18:30 aldera eman diote hasiera Errege Magoen desfileari. Aurretik, ordea, urteroko geldialditxo berezia egin dute Santa Ana zaharren egoitzan. Bertakoak alaitzen aritu dira kantuan, eta ondoren, langileek urte osoan zehar egin duten lana eskertzeko asmotan, errege opilak oparitu dizkie hauei.  

Eguraldia lagun izan dute desfilean zehar. Bizkaia kalean eman diote hasiera ibilbideari, eta herriko kaleetan zehar, Azken Portutik igaro eta Gipuzkoa kalera iritsi dira. Bertatik, Kale Nagusian zehar murgildu dira. Musika Plazatik igaro ostean, Lege Zaharren enparantzara abiatu dira eta bertan, herritar guztien aurrean pare bat olerki abestu ditu errege bakoitzak.

Txaloka eta txistuka agurtu dituzte guztiek, eta arratsalde luze baten ostean, haurrak pozik itzuli dira etxera, bihar goizean opariak irekitzeko gogoarekin. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide