Parte hartu daiteke Martxoak 8ko Kartel Lehiaketan

Intza Trula 2025ko urt. 4a, 10:00

Duela bi urte Martxoak 8ko Kartel Lehiaketara aurkeztu zituzten lanekin Emakumeen Etxean egin zuten erakusketa. (Guka))

Urtarrilaren 20an, 12:00etan, itxiko da lanak aurkezteko epea, eta proposamenak banaka edo taldean egin ahal izango dira.

Beste urte batez, Martxoak 8ko Kartel Lehiaketa antolatu du Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak. XVII. edizioa izango da aurtengoa, eta proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 20an, 12:00etan, amaituko da.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, lanak banaka zein taldean aurkeztu ahal izango dira –bakoitzak lan bakarra aurkez dezake–, eta horiek originalak eta inon argitaratu gabeak izan beharko dute. Gainera, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutako lanak aurkeztu beharko dira, eta ondorengo testua txertatu beharko da: 2025ko martxoaren 8a – Emakumeen Nazioarteko Eguna.

Lehiaketa honetan bi sari banatuko dituzte: lehenengo saria epaimahaiarena izango da (600 euro), eta bigarrena herritarrek hautatuko dute (200 euro) –azken hau Berdintasun departamentuaren sare sozialen bitartez bozkatu ahal izango da–.

Hori hala, parte hartu nahi dutenek oinarri guztiak honako lotura honetan edota Emakumeen Etxearen webgunean aurki ditzakete. Proposamenak, berriz, berdintasuna@zarautz.eus helbidera bidali beharko dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide