Ez da ohitura berria Urtezaharretik Urteberrira igaro bezain pronto petardoak eta suziriak jaurtitzea, baina azken urtetan bereziki asko areagotu da eztanda soinua eta suen argiak hirigune barruan. Horrek izan ditzazken arriskuak eta sor ditzaketen kalteak urtero gogorarazten badira ere, badira oraindik ere zuhurtziaz jokatzen ez dutenak. Horren adibide da bart izandako gertakaria.
Hain justu ere, Dia supermerkatuaren parean dagoen Iturribide kaleko aparkaleku publikoko hainbat edukiontzi erre egin dituzte, petardoen erabilera desegokiaren eraginez. Xabier Txurruka alkateak eman du berria, bere Facebook kontutik.
Horrekin batera, gertatutakoaren nondik norakoa azaldu du: "Paper-edukiontzia erretzen hasia zela, Iban San Martin (Zarauzko Udaleko obra eta zerbitzuetako zinegotzia), familiarekin afaldu ondoren etxera erretiratzean, gertutik pasa zen. Suaren tamaina baloratu eta erretzen ari zenaren ondoko edukiontzia, aparkatutako autoetatik hurbilen zegoena, bere kabuz apartatzea lortu zuen, kalte handiagoak saihestuz".
