Asier Medina eta Ainhoa Martinez de Lizarrondo, San Silbestreko bizkorrenak

Aritz Mutiozabal 2025ko urt. 1a, 11:00

Parte hartze kopurua beteta, egundoko giroan jokatu zen atzo arratsaldean urte amaierako lasterketa. Aurretik, irristaketako proba ere egin zuten, eta Unai Matxain eta Nahia Manterola izan ziren nagusi.

San Silbestre lasterketak parte hartze muga bete du bigarren urtez jarraian. Aurten, ordea, egun bat lehenago etorri zaio Antoniano atletismo taldeari arrakastaren deia, izan ere, astelehen arratsalderako dortsal guztiak agortuta zeuden Helmuga kirol dendan; iaz ere guztiak agortu ziren, baina egunean bertan, lasterketa hasi baino lehen. Beraz, atzo arratsaldean ere 600 lagun irten ziren korrika, herriko kaleetan barrena, urteari lagunartean eta mozorrotuta agur esateko asmoz.

Hala ere, horrek ez du esan nahi lasterketak ez duenik lehia izaerarik, eta aurten ere izan ditu irabazlea emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Helmuga zeharkatzen lehen gizonezkoa Asier Medina getariarra izan zen, baina estu izan zuen garaipena, hain zuzen ere. Kale Nagusiko azken metrotan Andoni Irazusta lasartearrarekin eginiko esprintean erabaki baizen aurtengo lehen saria; 10:50eko denboran osatu zuten biek ala biek ibilbidea. Hirugarren postuan, haiengandik zazpi segundora, Jokin Lizeaga zarauztarra sailkatu zen.

Ainhoa Martinez de Lizarrondo zarauztarra nagusitu zen emakumezkoetan, zirkuitua 14 minutuan osatu ondoren. Haren atzetik, ez horren urrutira, 12 segundoko atzerapenarekin, Hannan Kaanache zarauztarra helmugaratu zen bigarren postuan, eta hirugarrenean, berriz, Nerea Amilibia zarauztarra, irabazlearengandik ia minutu batera.

Aurten, mozorrorik onenaren saria mahatsez jantzita korrika egin zuten kuadrillari eman zioten. Bestalde, urtero legez, hainbat lote zozkatu zituzten parte hartzaile guztien artean.

Helduen lasterketaren aurretik, haurrenak jokatu zituzten, baita irristaketakoa ere, ZKE Irrisketa taldearen ekimenez. Azken hauek 17:20 alder egin zuten irteera, eta 2 kilometroko ibilbidea egin zuten. Hasieran elkarrekin egin zuten bidea, eta Udaltzaingoaren egoitzatik aurrera lasterketa izaera eman zioten. Gizonezkoetan lehena Unai Matxain izan zen, eta emakumezkoetan Nahia Manterola.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide