June Agirrezabalagak irabazi du Orioko San Silbestrea

Aritz Mutiozabal 2024ko abenduaren 31

June Agirrezabalaga helmugara iristeko momentuan. (Aritz Mutiozabal)

Parte hartze handia izan du helduen probak, 300 lagunekin, eta emakumezkoetan aise irabazi du korrikalari zarauztarrak. Gizonezkoetan, Xabat Elortza oriotarra nagusitu da.

Giro ederra nagusitu da beste urte batez Orioko Atletismo Taldeak, Orioko Udalarekin elkarlanean, antolatutako San Silbestre lasterketan Helduen lasterketak 300 lagun pasatxo bildu ditu, eta parte hartzaileek askotariko erronkak izan dituzte: ahalik eta denbora onena egitea, urtea kirola eginez agurtu, lagunartean ondo pasa, mozorrotuta atera...  Baina proba bat den heinean, eta dortsal bat soinean ipintzen den unean, ezinezkoa da lehia alboratzea, eta Orioko lasterketak ere baditu bere irabazleak. Aurtengo txapeldunak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, Xabat Elortza oriotarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra izan dira.

Emakumezkoetan, June Agirrezabalaga jarri da hasieratik lasterketa buru, eta bakarrik egin du 5.000 metroko ibilbidea, aise, inolako arazorik gabe, 17:45eko denboran. Bigarren sailkatu den Libana Taboada oriotarari tarte nabarmena atera dio; honek ere bigarren postuari eutsi dio hasieratik bukaerara arte (18:31). Hirugarren postuarekin egon da joko gehixeago: Marina Gonzalez irundarra laugarren zioan lehen itzulia, Sara Agirre hendaiarraren atzetik, baina azkenean hirugarren sailkatu da (18:59), eta Agirre laugarren izan da (19:25).

Helduen sailpena ikusteko klikatu gainean

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide