Urteari kirola eginez agurtzeko ohitura aski zabalduta dago edonon. Zarautzen ere hitzordu klasikoa bihurtu da San Silbestre lasterketa, Antoniano atletismo taldeak antolatzen duena. Arratsaldean jokatuko dituzte korrikako bi probak, Musika Plazatik abiatu eta bertan bukatuta: 17:00etan, haurrak ariko dira, herriko erdigunean; eta 18:00etan, helduak, bi itzuli eman beharko diote ohiko zirkuituari (3,8 kilometro). Bi korrikaldien tartean, 17:20ean, patinetako proba egingo dute, ZKE Irristaketako lagunek antolatuta; ezinbestekoa izango da kaskoa buruian eramatea.
Helduen lasterketako izen ematea 5 euro balio izan du aurrez, Helmuga kirol dendan; gaur arratsaldean, proba hasi baino lehen inzkripzioa egiten dutenek 10 euro ordaindu beharko dute. Patinatzaileen parte hartzea, aldiz, doakoa izango da, baina izena eman beharko da, 16:45etik aurrera.
Ohi bezala, helduen lasterketako lehen hiru gizonezkoentzat eta emakumeentzat sariak egongo dira, baita mozorro onena daramatzaten korrikalarientzat ere. Horrez gain, Gabonetako hogei lote ere zozkatuko dituzte parte hartzaile guztien artean.