2025rako bazkidetza eta lizentziak eskatzeko edota berritzeko epea ireki du Zarauzko Zikloturista Elkarteak. Aurten ere izen ematea online egingo da, eta horretarako bete beharreko galdetegia lortzeko, Zarauzko Zikloturisten Elkartearekin harremanetan jarri behar da, zzelkartea@gmail.com posta elektronikora idatzita.
Elkarteak animatu egin nahi ditu txirrindularitza gustuko dutenei izena ematera eta federatzera. Halaber, dei berezia egin die emakumeei; izan ere, euskal errepideetan bizikletaz geroz eta emakume gehiago ikusten den arren, elkarteko bazkideen artean oraindik aldaketa hori ez delako islatzen. Oro har, federatua egotea garrantzitsua dela nabarmendu dute, batez ere istripu baten aurrean seguru baten babesa edukitzeko.
Horrez gain, Zarauzko Zikloturista Elkarteak jakitera eman du martxoan hasi eta urrira bitartean, igandero, bizikleta irteerak egiten dituela Gipuzkoako hainbat herrietara. Aparte, irteera bereziak antolatzen dituzte -Asturias, Nafarroa, Errioxa eta abar-, baita Haimar Zubeldia Klasikoa eta haurrentzako Txirrindulari Txikien Eguna ere.