Izena eman daiteke San Silbestre lasterketan

Aritz Mutiozabal 2024ko abenduaren 28a

Iazko San Silbestre. (Guka)

Aurrez eskuratu daiteke dortsala Helmuga kirol dendan, 5 euro ordainduta; abenduaren 31n, berriz, 10 euro kostatuko da. 

Ohiturari jarraituz, urteari agur esateko San Silbestre lasterketa antolatu du Antoniano atletismo taldeak abenduaren 31rako. Arratsaldean jokatuko dituzte probak, Musika Plazatik abiatuta: 17:00etan, haurrak, herrian barna; 17:20ean, patinetan (2 kilometro); eta 18:00etan, helduak (3,8 kilometro).

Urte amaierako lasterketan parte hartu nahi duten herritarrek Helmuga kirol dendan eman dezakete izena aurrez, 5 euro ordainduta. Lasterketa egunean bertan ere egin ahal izango da, baina 10 euro balioko du. Patinatzaileen kasuan, parte hartzea doakoa izango da, baina izena lasterketa hasi baino lehen eman beharko da, 16:45ean; buruan kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da proban zehar.

Ohi bezala, helduen lasterketako lehen hiru gizonezkoentzat eta emakumeentzat sariak egongo dira, baita mozorro onena daramatzaten korrikalarientzat ere. Horrez gain, Gabonetako hogei lote ere zozkatuko dituzte parte hartzaile guztien artean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide