Hemeretzi egun eskas falta dira urtea amaitzeko, urtarrilean osatutako zerrendatik egitekoak ezabatzen amaitzeko. Neuropsikologiak dioenez, helburuak zerrenda batean idazteak motibazioa handitzen du, dopamina askatuz eta sormenaren eragin positiboa lortuz. Gainera, helburuak argi izendatzen ditugunean, gure garunak helburu horienganako norabidea ere errazago irudikatzen omen du. Hau ikusita, datorren urtean, agian, gimnasio gutxiago eta koherentzia gehiago zerrendatu beharko genituzke. Ea horrela, datorren urtean norbaitek pertsonaia publiko bati kritika politiko bat egitean ez den erasotzat jotzen. Ea horrela, datorren urtean inor ez den ezabatu nahi duen eremuan sartzen. Norberaren karguak erantzukizun batzuk ditu esleituak, derrigor, eta arrunta da, ordezkatzen duzun alderdiak deuseztatu nahi duen eremuan agertzen bazara, baten batek atentzioa emango dizu. Ez da nekez uler daitekeen koherentzia ariketa. Ez bazaude kargu horrek dakartzan erantzukizun eta kritika publikoa jasateko prest, ez zenuke kargu horretan egon beharko. Azken finean, inork ez zaitu gaztetxera deitu, eta inork ez zaitu zinegotzi izatera derrigortu.
Bertan ez ginenok, ez daukagu ziurtasun osoz jakiterik zer izan zen esan eta gertatutakoa, baina erraz ondoriozta daiteke gaztetxearen aurka azken asteetan sorrarazi den iskanbila hau aspalditik eremu horren beraren kontrako kanpainaren luzapen desesperatua besterik ez dela.
Hemeretzi egun eskas falta dira urtea amaitzeko, eta kasketa hartutako zinegotziarena ez da inguruan ikusten den inkoherentzi bakarra. Sasoiak propio duen eran, bete dituzte aspaldi kaleak Gabonetako argiez. Espiritua falta zaidala esaten didate lagunek, baina nahita ere, ez diet zentzua aurkitzen LED madarikatu horiei. Hiri handietan turismoa erakartzen omen dute argitxo hauek, baina ez dut uste hori denik gure Zarautzen kasua. Hala ere, ez dago herriko kale kantoi bat bera ere argiztatu gabe. Uler nezake herri barrua apainduko balitz, baina suhiltzaileen biribilguneak ere duen itxura txorakeria zait. Argitxoek dakarten kutsadura bisuala zein ingurumenarengan duten eragina onartezinak dira, batez ere, urteko gainerako sasoietan planeta zaintzearen alde ematen diren diskurtso eta ekintza alternatiboekin. Badirudi, urte osoan zehar egiten den lanak Gabonetako argiena arintzea soilik duela helburu. Esan gabe doa, argitxo hauek piztuta mantentzeak dakarren kostua ikaragarri altua dela. Beste hamaika modu probetxuzkoagoak zerrendatu ditzaket diru horren erabilerarako, baina zer dakit nik, espiritua falta zait.
Geratzen diren hemeretzi egunetan ez noa espiritua berreskuratzera. Baina erabil ditzagun urteko azken egun hauek patxadaz hausnartzeko, ongi pentsatzeko zer zerrendatuko dugun egun hauen buruan. Ea datorren urtean koherentzia gehiago eta kasketa eta argi gutxiago ikusten ditugun.
Iritzi artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen duela aste batzuk. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.