Kaiolatik Winter Series jaialdiak girotuko du Frontoi Txiki

Aritz Mutiozabal 2024ko abenduaren 27a

Kaiolatik Fest jaialdiko irudi bat. (utzitakoa)

Musika elektronikoa herriko erdigunean gozatzeko parada izango da Zarauizko Elektropeña eta Azkoitiko Munizio disko jartzaileen eskutik. Ekitaldia 18:30etik 21:30era izango da.

Kaiolatik Fest musika elektronikoaren jaialdia uda sasoiko hitzordu klasikoetako bat da, Borghettoko kioskoan ospatzen dena, Jon Peñagarikano Elektropeñaren ekimenez. Urtean zehar festa hori bakarrik antolatzen zutela eta, aurten neguan ere beste zerbait egiteko gogoak piztuta, Kaiolatik Winter Series jaialdia antolatu du Arraio Irratiko kideekin lankidetzan. Bihar izango da egitasmoa, 18:30etik aurrera, Frontoi Txikin, eta Elektropeña bera eta Azkoitiko Munizio ariko dira DJ lanetan; eguraldi txarra egingo balu, Hiruputzu gaztetxera lekualdatuko lukete jaialdia.

"Azkenaldian indarra hartu du Winter Series zesta-punta txapelketak, eta horixe bera etorri zitzaidan burura jaialdiari izena jartzeko. Orduan, zer hobeto frontoian egitea baino! Frontoi Txiki leku egokia iruditu zitzaidan; batetik, herriaren erdigunean dagoelako, eta bestetik, izenari lotura osoa ematen geniolako", aditzera eman du Elektropeñak. Iragarpen karteletan ere horrelaxe  irudikatu dute: puntista baten marrazkia, eta disko jartzaileen izenen azpian azalpen zirtolariak, hala nola Munizio II.a, Kontzejupeko horman aritua eta Peñagarikano VII.a, Koadro txikitan abila. Une oro, Inuzente Eguna denez, erdi-txantxetan.

Winter Seriesen "harrikadarekin" jarraituz, antolatzaileak dio agian zesta-puntari "keinuren bat" egingo diotela frontoian. "Beharbada, publizitatea jarri, txapela pasa beharrean boriondatea eskatzeko zesta bat pasa... Berez zerikusirik ez dauka elektronikarekin, baina nola negua den eta Frontoi Txikin horretarako bide ematen digu".

Elektropeñari eta Arraio Irratiko kideei "inportantea" iruditzen zaie neguan ere musikak eta herriko eragileek beraien presentzia izatea kalean. "Musika elektronikoa egunez egin ahal izateak, arratsalde betean, beste kolore bat ematen dio herriari. Uste dugu bizitza polita emango diola kaleari".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide