Bertsolaritzaren Interpretazio Zentroa zabalduko dute Santa Klara komentuan

Zarautz Guka 2024ko abenduaren 28a

Santa Klarako proiektua jendaurrean aurkeztu zuten ekainean. (Onintza Lete Arrieta)

[Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea] Motxian-Etxebeltz Bertsogunearen egoitza bihurtuko da komentuko klaustroa. Erakusketa didaktiko iraunkor bat jarri nahi dute bertan, eta bertsolarien arteko sormen egonaldiak, bertso tailerrak eta hitzaldiak egin nahi dituzte, besteak beste.

Zarauzko Udalak bilera irekia egin zuen herritarrekin ekainaren hasieran Santa Klara proiektuaren egoera zein zen azaltzeko, baita eraikin multzoko espazioei zer erabilera emateko asmoa duen jakitera emateko ere. Bilera hartako iritziak kontuan hartu eta landu ondoren, Bertsolaritzaren Interpretazio Zentroa sortzea erabaki dute. Komentuko klaustroan izango luke egoitza, sarrera Amalur parketik izanik. Oraindik espazioaren diseinua zehazteke dagoen arren, gauza ziurra da bertsolaritzak merezi duen tokia izango duela aurrerantzean Zarautzen.

Iñaki Eizmendi Basarri eta Andoni Egaña bezalako txapeldun handiak azpimarratu dituzte, eta ez dituzte ahaztu nahi izan Pello Esnal eta Joxemari Iriondo bezalako adituak eta bildumagileak, Auspoa argitaletxearen bitartez. Ezta Nikolas Zendoiaren bertso idatzi sortak ere. Bertso eskoletako lehen belaunaldiak: Nahikari Gabilondo, Mantxi, Julen Zulaika, Felix Zubia... eta ondorengoak: Oier Aizpurua, Uxue Alkorta, Aner Peritz Euzkitze eta Aimar Sorazu, esaterako. Eta nola ez, Motxian-Etxebeltz Bertsogunea bera.

Interpretazioa Zentroa, lehenik eta behin, Motxian-Etxebeltz Bertsogunearen egoitza bihurtuko litzateke. Gainera, bertatik bideratuko lirateke herrian egiten diren bertso jarduera eta sariketa guztiak: Basarri bertso paper lehiaketa, Lizardi gazteen bertso txapelketa, Salbatore Mitxelena literatur lehiaketa bertsoen balorazioa, Bertso Astea eta abar. Erakusketa iraunkor bat egiteko aukera ere baloratu dute: argazkiekin, hainbat bertsolariren txapela edo oroigarriekin, ikus-entzunezkoren bat edo beste, baina oraindik diseinua egiteko dago.

Hortik harago, zentroak balio erantsia izan behar duela uste dute, eta horretarako bertsolarien arteko sormen egonaldiak, bertso tailerrak eta hitzaldiak egitea aurreikusi dituzte. Etorkizunera begira, bertso udalekuak egitea ere planteatu da, baina aurrena lehendabiziko erronkei heldu nahi diete. Bertsolaritza herritik sortu da herriarentzat, eta kultur transnmizio hori sustatu nahi dute Santa Klarako komentuko txokoaren bitartez. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide