Eguraldi petrala izango dute gaur gauean Olentzerok eta Mari Domingik, haien laguntzaileekin batera, opariak etxez etxe banatzeko. Baina agerian utzi dute euria ez dela beraientzako oztopo, eta lasai antzera etorri dira Zarautzera, herriko haurren gutunak jasotzera.
Ohi bezala, Santuiturri plazan egin dute geldialdia, eta banan-banan artatu dituzte etxeko txikienak, besarkada beroak emanez eta goxokiak banatuz. Ilara etxebizitza azpiko arkupeetan luzatu da, baina itxaronaldiak merezi izan du: Olentzerorekin eta Mari Domingirekin aurrez aurre egoteko aukera urtean behin izaten da; nahiz eta unea iristen denean asko urduri jartzen den, eta txikienak apur bat izutu. Hori bai, argazkia betirako jasota gerotuko da.
Gaur, oheratzerakoan, gozoren bat uztea gomendatzen dute batzuek, turroi zatitxo bat, bonboi bat edo polboroia. Opariak banatzen gau osoa pasatuko dute, eta indarrak hartu beharko dituzte tarteka-marteka. Ea behintzat euririk ez duen egiten.