Euritik joango da Gabon eguna, baina hori ez da oztopo izan Santuiturri plazan urtero antolatzen duten Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerako festa ospatzeko. Nolanahi ere, ahal izan duten moduan moldatu dira eta baldintza klimatologikoetara egokitu behar izan dute; esaterako, puzgarriak bertan behera geratu dira, eta aurreikusitako jarduerak arkupetan egin dituzte, marrazketa eta eskulan txokoa bezala.
Herri kirolen erakustaldiak ikusmina sortzen du urtero, eta aurten ere jendea bertaratu da, nahiz eta eguraldiak ez lagundu. Karpa txiki baten azpian aritu dira Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Maddi Gesalaga harrijasotzaileak, eta atari zabalean, berriz, Xabat Olaizola, Joseba Otaegi, Iñigo Landa eta Jakes Iruretagoiena Izeta V.a aizkoran.
Olentzero eta Mari Domingi arratsaldean iritsiko dira, Iago Magoren ikuskizunaren ondoren; magoaren emanaldia 16:45ean hasiko da. Gaur gaueko pertsonaia kutunenak pozik eta alai etorriko dira, eta herriko haurren gutunak jasoko dituzte ohi bezala.