Urte amaiera iristen denean, ohi den legez, atzera begira jartzeko aprobetxatuko dugu guk ere. Aurten, hemezortzi urte bete ditu Urola Kostako Mintzalagun egitasmoak eta bizitzako beste etapa batera jauzi egin behar dugunean bezala, urduri gaude, etorkizunak zer ekarriko. Pasatutakoarekin gustura eta datorrena ilusioz jasotzekotan.
Azaroan egin genuen ikasturte honetako aurkezpen-ekitaldia eta jakinarazi genuen 90 bat pertsona dabiltzala gure eskualdean, 26 taldetan. Horietatik hamabost Zarautzen elkartzen dira astero-astero; hainbatek urteak ere eman dituzte eta lagunak dira dagoeneko. Hasiberriak, ostera, oso eskertuta daude, euskara praktikatzeko aukera paregabea iruditzen zaielako.
Berrikuntza bat lortu dugu, ordea, ikasturte honetan, eta Gabonetako postalen antzera, tokitxoa egingo diogu abenduko Gukastekan. Izan ere, astean behin elkartzen diren kide batzuk beste talde batean bildu eta ibilaldiak egiten hasi dira. Lehenengoan, Zarauztik Getariara joan ziren. Han, portua eta herria ikusi eta oinez itzuli ziren Zarautzera.
Bigarrenean, aldiz, Orion elkartu eta barrara joan-etorri egin zuten. Ez dakigu hankak, baina mihiak taxuz astindu zituzten, eta primeran pasatu zuten. Dagoeneko, zerrendatu dituzte hemen inguruan egin nahiko lituzketen hamaika ibilbide. Eta, ziurrenik, hurrengo geltokia Zumaia izango da.
Esan bezala, gustura gaude egindakoarekin, eta gure desira honelaxe jarraitzea da. Eskerrik asko Mintzalagun egitasmoan parte hartu duzuen guztioi, baita, noski, jarraitzen duzuenoi ere. Ea datozen urteak orain artekoak bezain onak edo hobeak diren. Urte berri on!