42. Haurren Gabonetako Hamabostaldiari atzo eman zioten hasiera herrian, eta bi astez haurrek eta gazteek ongi pasatzeko ekintza ugari izango dituzte –ur jolasak, haur parkea eta pailazoen emanaldia, esaterako–, Haur Kultur Taldeak eta Zarauzko Udalak elkarlanean antolatuta.
Atzoko egunean, San Tomas eguna ospatzeko, haur jolasak izan ziren eta txistorra banatu zuten. Gaztelekuko pilotalekuan lekualdatu ziren ekintza guztiak eguraldi txarra egin zuelako. Ekitaldia arratsaldeko 17:30ean hasi zen, eta Txurrukako begiraleek eta Haur Kultur Taldeko kideek gidatu zuten.
Zarauzko familien oporraldiei kolore eta bizitasuna emateko helburuarekin, egitarau zabala antolatu dute hurrengo egun berezietarako.
Egitaraua
- Abenduak 26, osteguna. Dibertsitate funtzionala duten haurrentzat irekiko dute Aritzbatalden Haur Parkea,16:30etik 19:00etara.
- Abenduak 27, ostirala. Gabonetako Haur Parkea irekiko da Aritzbatalde kiroldegian, 11:00etatik 13:30era 16:30etik 19:00etara. Bertan, gaztelu puzgarriak (0-7 urte) eta jolasak frontoian (8-12 urte) izango dira.
- Abenduak 28, larunbata. Gabonetako Haur Parkea irekiko da Aritzbatalde kiroldegian, 11:00etatik 13:30era 16:30etik 19:00etara. Bertan, gaztelu puzgarriak (0-7 urte) eta jolasak frontoian (8-12 urte) izango dira.
- Abenduak 30, astelehena. Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen emanaldi berriaren bi saio izango dira Aritzbatalde kiroldegian, 16:00etan eta 18:30ean.
- Urtarrilak 2, osteguna. Ur jolasak Aritzbatalde kiroldegian. Haurrak laguntzarik beharko balu ekintza honetarako jarri harremanetan antolatzaileekin haurkulturtaldea@gmail.com helbidera idatzita.
- Urtarrilak 2, osteguna. Txu-Txu trena kalez kale 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:00era.
- Urtarrilak 3, ostirala. Txu-Txu trena kalez kale 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:00era.