Zarauzko XVI. Kopla Txapelketa atzo ospatu zen, 22:00etan hasita, Hiruputzu gaztetxean. Hamar bertsolari igo ziren oholtzara: Aner Peritz, Uxue Alkorta, Lurdes Ondaro, Ekhiñe Zapiaine, Aissa Intxausti, Jone Uria, Patxi Iriart, Iñaki Viñaspre, Eñaut Martikorena eta Aitor Mendiluze. Azkenengo bi bertsolariak izan ziren buruz burukoan, baina azkenean zintzarria Aitor Mendiluzek eskuratu zuen.
Gai jartzaile Imanol Epelde eta Irati Tolosa aritu ziren. Gainera, Imanol Etxeberria, Aratz Olaizola eta Aitor Amilibia musikariak ere bertan izan ziren saioa girotzen.
Bertaratuek azpimarratu dutenez, bertsolari guztiek "maila ona" dutela erakutsi zuten. Honez gain, lehiaketan "giro bikaina" zegoela ere nabarmendu dute, saio "polita" izan zela ondorioztatuz.
Bestalde, Arraio Irratiak saioa igorri zuen. Hori dela eta, txapelketa osoa online dago entzungai.