Gukasteka

Atzera kontaketa, martxan

Aitziber Arzallus 2024ko abenduaren 21a

Aitziber Arzallus kazetariak idatzi du aste honetako iritzia. Gabonak ez zitzaizkiola gustatzen uste zuen, baina agian bai, uste zuena baino gustukoago ditu.

Artikulu hau bukatu eta entregatzeko minutu gutxiren faltan, artean orri zuria hutsik aurrean. Egunak daramatzat zertaz idatz dezakedan neure buruari galdezka, baina ezer ganorazkorik ez zait bururatzen. Gabonez idaztea pentsatu nuen aurrena; ze originala, ezta? "Eta zer kontatuko dut, ez zaizkidala gustatzen?". Ez, ez dit balio, azkenaldian besterik ez bainaiz ari entzuten.

Lankide bati Grinchen irudia itsatsi diote bulegoan, bera eseri ohi den mahaiaren atzealdean; beste lankide batek Grinch izeneko iritzi artikulua idatzi berri du Gukaren aldizkarietako baterako... Grinchen irudia itsatsi diotenak urteak daramatza Gabonetan izaten dugun hamar bat eguneko oporraldian lan eginez, nahiago duelako oporrak beste garai batean egitea; eta Grinch idatzi duenak ere halatsu esan du, nahiago duela lan egin, eta aurten behintzat astebetez hala egingo duela. Ez da nire kasua; hiru egunez lan egingo dut, baina ez lan egitea nahiago dudalako, inolaz ere ez.

Gabonak gustatzen zaizkidan ala ez hausnartzen hasi naiz, zer bai eta zer ez. Eta espero ez banuen ere, konturatu naiz Gabonetatik gauza asko gustatzen zaizkidala. Gustatzen zait Gabonetan oporrak egitea; gustatzen zaizkit San Tomasak; gustatzen zait Errege bezperako parranda; gustatzen zait parranda egin eta hurrengo egunean lanera joan beharrik ez izatea; gustatzen zait familiarekin lasai egoteko denbora izatea; gustatzen zait kanpoan bizi diren lagunak etxera bueltatzea eta gustatzen zait haiekin egotea; gustatzen zait opariak egitea eta jasotzea; gustatzen zait Gabonetan sumatzen den giro baikor hori... Gustatzen zaizkit gauza asko, eta horietako asko, asko gustatzen zaizkit gainera.

Eta gustatzen zaizkidanen zerrendaren luzera ikusita, zertan hasiko naiz gustatzen ez zaizkidadena egiten, ziur banago motzagoa izango dela? Agian ez naiz horren haterra, ez behintzat uste nuena bezainbestekoa. Agian esan nezake Gabonak gustatzen zaizkidala ere, edo agian gehitxo litzateke hori. Ziur esan dezakedana da aurtengoak iristeko amorratzen nagoela, inoiz baino gehiago. Bereziki aurtengo San Tomasak. Atzera kontaketa martxan da.

Iritzi artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen duela aste batzuk. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide