Malekoiko eta moilako pasabideko barandak ordezkatzeko lanak hasi ditu udalak

Julene Sorarrain 2024ko abe. 23a, 09:00

Malekoiko baranda berria. (Zarauzko Udala)

Baranda berrien lehen unitateak Borghetto inguruan jartzen hasi dira eta, jarraian, moilara arteko pasealekukoak ordezkatuko dituzte.

Zarauzko Udalak martxan jarri ditu herriko hainbat gunetako herriko barandak ordezkatzeko eta berritzeko lanak. Maiatzean esleitu zizkion barandaren produkzio eta instalazio lanak Casting of Facilities, Utilities & Diversity S.L. enpresari, 517.275,00 euroko aurrekoarekin (BEZ barne). Errementaritza lanak amaitu dituzte jada, eta azken egun hauetan lehen pieza berriak instalatzen hasi dira. 

Baranda berrien lehen unitateak Borghetto inguruan jartzen hasiak dira jada eta, jarraian, moilara arteko pasealekukoak ordezkatuko dituzte. Guztira, bi gune hauetan, 500 metro baranda inguru ordezkatuko dira. "Baranda berria kobre eta burdin gutxiko aluminio aleazioaz egina dago, itsas bazterrean agertzea hain ohikoa den herdoila ekiditeko", azaldu du udalak.

Herrian zehar beste hainbat puntutan kokatuta dauden barandak ere eraberrituko dituztela jakinarazi du udalak. "Hauek ez dute itsasoaren parean daudenak bezain beste kalte jasan urte hauetan zehar eta mantenu lanak egin dira hauek eraberritzeko eta iraunkortasun handiko pinturarekin margotuko dira", gaineratu du.

“Zarautz-baranda gure herriko ondarearen elementu bereizgarrietako bat da eta, hala izanik, zaindu eta balioan jarri behar dugu”, adierazi du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. “Itsasertzean kokatuta daudenak, urteetan zehar haizearen, kresalaren eta olatuen indarra gogor jasan dute eta aldaketa baten beharra zuten jada. Herri barrukoak, aldiz, ondo jasan dute denboraren joana eta mantenu lanak besterik ez dute behar izan”, zehaztu du zinegotziak.

Bestalde, udalak malekoiko zoladura berritzeko exekuzio proiektua eskatu dio Injelan enpresari. Proiektu honen barruan, Madoz eta Lizardi kaleen artean geratzen den Malekoi zatiko zoladura ordezkatuko da. Guztira, 4.277 metro karraturi eragingo dio eskuhartze honek, hondartzatik gertuen geratzen direnzazpi metroetan zehar dagoen kuartzita harria kendu eta akabera bereziko hormigoizko zoladuragatik ordezkatuko da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide