Zarauzko Arazi Ideiak Borobiltzen enpresak Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso zuen atzo, asteazkena, Donostiako Kursaal jauregian. Erakunde publikoek zein pribatuek eta enpresek euskararen kudeaketan nahiz garapenean eman dituzten aurrerapausoak aitortu zituen Jaurlaritzak, eta hain justu, goi mailako Bikain ziurtagiria jaso zuen Zarauzko lantegiak.
Aurten, guztira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 44 erakundek eta enpresak jaso dute Jaurlaritzaren ziurtagiriren bat: zazpik jaso dute Harrobi izeneko ziurtagiria, bostek oinarrizko Bikain ziurtagiria, zazpik erdi mailako Bikain ziurtagiria eta 25ek goi mailako Bikain ziurtagiria.
Zarauzkoaz gain, Azkoitiko Alberdi Mekanizatu Lanak enpresak eta Azpeitiko Abelur kooperatiba elkartearen lana ere aitortu zuten erakundeek. Eskualdeko bi lantegi horiek ere goi mailako Bikain ziurtagiria jaso zuten atzo.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak eta Kultura zein Hizkuntza Politikako sailburuak eta Sonia Rodriguez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak parte hartu zuten atzoko ekitaldian. 2023ko ekainean onartu zuten Jaurlaritzak erakunde publikoen eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen dekretu berria, eta hura onartu osteko bigarren ekitaldia egin zuten atzo.