Ostiralean jarriko dituzte salgai 2025eko lehen seihileko kultur emanaldietarako sarrerak

Aritz Mutiozabal 2024ko abenduaren 18a

Sara Elortza liburutegiko arduraduna, Irune Urbieta Kultura zinegotzia eta Nagore Irastorza Kultura departamentuko arduraduna. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak datozen hilabeteetako kultur programazioaren berri eman du. Anje Duhalde abeslari beteranoaren kantaldiarekin abiatuko dute, urtarrilaren 20an, eta ekainera bitartean hamaika ekitaldiz gozatzeko parada izango da Modelon.

2025eko lehen seihileko kultur programazioaren berri eman du Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak, eta Modelo aretoan izango diren emanaldietarako sarrerak ostiral honetan bertan, etzi, jarriko dituzte salgai, aretoko txarteldegian eta online Kutxabanken atari digitalean.

Urtarrilaren 10ean ekingo diote dute urte berriari, Anje Duhalde bakarlari lapurtarraren kontzertuarekin, eta ekaina bitartean, kolore nahiz molde guztietako antzerkia, musika, dantza, erakusketak eta literatura solasaldiak izango dira, herritar ororen gozamenerako; emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira. Agendak ohiko lekuetan jarriko dituzte eskuragarri –Modelon, Sanz Enean eta Turismo Bulegoan, besteak beste–, baita sare sozialetan eta udalaren webgunean ere.

Hasiera indartsua

Urte hasiera potentea izango da. Anje Duhalde kantari beteranoaren zuzeneko saioaz gain, Antton Telleriak Ninini bakarrizketa komiko berria aurkeztuko du urtarrilaren 24an, eta otsailaren 2an, Kamikaz Kolektiboa Renata izeneko bere azken lana taularatuko du. Antzezlanak umorea eta absurdoa uztartzen ditu, eta Iraia Elias, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala ditu protagonista.

Antzerkiarekin jarraituz, Dejabu konpainiaren Itzulera izango da ikusgai martxoan, eta ekainean, azkenik, Aitziber Garmendiaren eta Jon Plazaolaren Arizona antzezlana. Dantzari dagokionez, Haatik dantza konpainiak OTS lan berria aurkeztuko du apirilean, Herri Gogoa Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoa ardatz hartuta. Bestalde, Maite Larburuk oraintsu argitaratu duen Maizter diskoa aurkeztuko du maiatzaren 9an.

Ohi bezala, familia osoari zuzendutako ikuskizunak izango dira Modelon, hilean behin, igande arratsaldetan, 16:45etik aurrera. Urtarrilean, Herrialde Katalanetako Gira Magic konpainiak Kariguri eszenaratuko du; otsailean, Ene Kantak taldearen Bisonte mastodontearen bila ikuskizun berria; martxoan, Kutxartean obra ekarriko du Teatro Paraiso konpainiak; apirilean, Elara antzezlana Mar Mar konpainiak; eta, amaitzeko, maiatzean Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez taularatuko du Tanttaka konpainiak.

Erakusketak eta solasaldiak

Modelo aretoaz gain, Sanz Enea kultur etxekoko eta Torre Luzea aretoko erakusgeletan erakusketak izango dira. Gai eta diziplina desberdinak jorratzen dituzten mostrak ikusteko parada izango da, doako sarbidearekin; ordutegia honakoa dute: Sanz Enean 18:00etatik 20:00etara, egunero, eta Torre Luzean 18:00etatik 20:00etara, asteartetik igandera. Besteak beste, Txotxongiloen ametsak, Argazki Bilera, Bide lagun izan dugun hori eta Bizitza efimeroa erakusketak izango dira ikusgai datozen hilabetetan.

Liburutegian, bestalde, zortzi dira urtarriletik ekainera bitartean ariko diren irakurle taldeak. Haur txikienek Miriam Mendozaren ipuin kontaketekin; haur eta gaztetxoen literatura taldeak eta euskarazko helduak, Nerea Loiolak gidatuko ditu; eta Slawka Grabowskak, berriz, gaztelaniazkoak eta ingelesezkoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide