Ane Arozena: "Euskara sustatu nahi dugu, eta emakumeek izen ematea"

Iratxe Muxika Karrion ('Berria' egunkaria) 2024ko abenduaren 18a

Ane Arozena Triatloia Maite Dut egitamoko kidea, eskuinetik hasita lehena. (TMD)

Triatloia egitea helburu, hemezortzi asteko entrenamendua eskainiko du Triatloia Maite Dut egitasmoak. Otsailetik ekainera bitarte arituko dira lanean, hiru distantziatan.

Hiru kirol bata bertzearen jarraian: halaxe definitzen da triatloia. Zaila dirudi, baina Ane Arozenaren (Zarautz, 1994) asteroko entrenamendu plana betez gero, helmuga gertuago sentitzen da. TMD Triatloia Maite Dut egitasmoaren parte da Arozena, eta, era berean, 18 astetan triatleta erronkaren enbaxadoreetako bat da; oraingoan, distantzia luzearen gidaria izanen da. 

Sinesmenak hausteko sortu zen TMD?

Bai, zeren, hasteko, pentsatzen dugu triatloi bat egiteko triatleta izan behar dela: egunero entrenatu behar dela pila bat, kiroletan ongi moldatu behar dela... eta hori pasatzen da distantzia luzeetan, baina hortik harago ere triatloi asko daude. Gure egitasmoak ikusarazten du hemezortzi asteko entrenamendua eginda gai izan gaitezkeela triatloia egiteko; bai, behintzat, distantzia txikian. Oso egingarria da, nahiz eta egunerokoan kirolik egiteko ohiturarik ez eduki. 

Hasiberriei dago zuzendua, beraz?

Izan daiteke hasiberri batentzat, edo erdiko distantzian ari den batentzat distantzia handira pasatu nahi duelako. Gazteekin aritzen gara batez ere, baina edozeinentzat izan daiteke. Emakumeengana heltzen ahalegintzen gara, iruditzen baitzaigu triatloien mundu hau ez zaigula hain hurbila egiten emakume askori. 

Ez dira, ez, distantzia motzak. 

Alde batetik, Super Sprint distantzia dago, txikiena: 350 metro igerian, 8 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Beste alde batetik, Sprint distantzia dago: 750 metro igerian, 21 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika. Eta, azkenik, Olinpikoa: 1.500 metro igerian, 40 bizikletan eta 10 korrika.

Azken hori eginen duzu zuk aurten.

Hori da nire helburua, bai. Duela bi urte hasi nintzen egitasmo honetan parte hartzen, Sprint distantzian. Aurten, erronka berria daukat begi artean. 

18 astetan triatleta. Zenbat da hemezortzi aste? 

Izan daiteke gutxi eta izan daiteke asko, eskaintzen zaion denboraren eta momentuaren arabera. Askotan gertatzen da hemezortzi aste oso urrun ikusten direla; ematen du bidea oso luzea dela, eta, hortaz, hasieran entrenamenduak ez dira hain serio hartzen. Hemezortzi aste bainoago, ekaina da urrun ikusten dena. Nire gomendioa da hasieratik indartsu hastea, gero denbora gainera etortzen da eta. Taulei eta ariketei ondo jarraitzen baldin bazaie, ez da hain luze egiten, eta oso egingarria da. Jarreraren arabera, luzea, aspergarria edo motza izan daiteke. 

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus webgunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide