Ostiralean jokatuko dute Zarauzko XVI. Kopla Txapelketa, 22:00etan hasita, Hiruputzu gaztetxean bigarren urtez; ateak, ordea, ordu erdi lehenago irekiko dituzte, espero diren berrehun bertsozaleek lekua garaiz har dezaten. Antolatzaileak «gogotsu» daude urteroko hitzordurako, eta "gustura" osatu duten kartelarekin.
Halaxe azaldu du Amaia Urbieta Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko kide eta txapelketaren antolatzaileak: "Beti saiatzen gara aniztasuna bermatzen, aniztasuna zentzu askotan, nahiz eta ez den izaten erraza, kontu asko daudelako kontuan hartzeko: lurraldetasuna, generoa, adina... Baina gustura gelditu gara osatu dugun kartelarekin".
Izan ere, ez dira nolanahiko hamar bertsolari igoko Hiruputzuko oholtzara. "Iazko zintzarridunak parte hartzeko aukera izaten du, eta horrez gain, beti saiatzen gara gutxienez herriko bi bertsolari sartzen. Iazko zintzarriduna Aner Peritz denez, herrikoak izango dira Aner bera eta Uxue Alkorta", hasi da kartela xehatzen. Gazteen parte hartzea ere nabarmendu du, arrazoituz Lurdes Ondarok, Ekhiñe Zapiainek, Aissa Intxaustik eta Eñaut Martikorenak 30 urtetik behera dituztela.
"Horiez gain, Aitor Mendiluze eta Jone Uria ere izango dira, horiek izen handiko bertsolariak; Patxi Iriart ere badator, ez dakit sekula etorriko zen, Hiriburukoa [Lapurdi] da; eta Iñaki Viñaspre ere bai, Arabako txapelduna izandakoa. Talde polita dela esango nuke, eta espero dugu saltsa pixka bat izango dugula". Gai jartzaile Imanol Epelde eta Irati Tolosa ariko dira aurtengoan, eta Imanol Etxeberria, Aratz Olaizola eta Aitor Amilibia musikariak izango dira saioa girotuko dutenak.
Ohiko formatua
Saioak ohiko formatua izango du. Hasieran, hamar bertsolari igoko dira oholtzara, eta saioaren lehen zatian hiru bertsoaldi egingo ditu bakoitzak, horietako bat musikatua. Bertsoaldi horien ostean, publikoak aukeratuko ditu bigarren fasera igaroko diren sei bertsolariak. Denetariko ariketak egin beharko dituzte horiek: jolasak, librean, batzuk musikatuak, besteak ez... Gero, sei horietatik bi pasatuko dira buruz burukora, horiek ere publikoak aukeratutakoak, eta azken zatian, hiruna ariketa egin beharko dituzte: ganbara, ofiziotan eta librean. Saioaren irabazlea ere publikoak ebatziko du, alegia, nor izango den aurtengo zintzarriduna.
Publikoaren parte hartzea saioaren arrakastaren beste gakoetako bat izan daitekeela uste du Urbietak, baina zehaztu du, epaimahaia publikoa izaten den arren, publikoan dauden guztiek ez dutela izaten epaimahaiko kide izateko ohorerik. "Saioa hasi aurretik antolatzaileok banatzen ditugu boto paperak jendearen artean, eta saiatzen gara boto paper horiek askotariko jendeari ematen, epaileak ez izateko oso alde batekoak. Egia esan, horrek ere saltsa sortzen du".