Zarauztarren doinuak

Laida Aranbururen doinuak

Aritz Mutiozabal 2024ko abenduaren 18a

Laida Aranburu. (utzitakoa)

Zarauztarren doinuak atalaren barruan, hainbat herritarrek aukeratutako bost kanten zerrendak jasoko ditu Zarautz Gukak Gabonetako oporraldian, asteazkenetan. Laida Aranbururen gustuko abestiekin abiatuko dugu atala.

Eguneroko erabaki txikien antzera, eta paradoxa bada ere, agian hautaketa hauek gehiago dute zer ez aukeratzetik, zer aukeratzetik baino. Zinezalea izanik eta muntatzaile modura, doinua eta irudia elkartu ditut, ederra baita lengoaia honek nola muga linguistiko zein kulturalak gainditzen dituen, eta berehalako eragin batez, jendearen arima ukitu dezakeen.

Zinema orientalak edo asiarrak esaterako, badu sentimendu primitiboak azaleratzeko asko miresten dudan berezko ahalmen moduko bat. Joe Hisaishi konpositore japoniarraren Summer abestia, Takeshi Kitanoren Kikujiro no natsu (El verano de Kukijiro, 1999) filmekoa.

Trần Anh Hùng zinema zuzendari vietnamdarraren À la verticale de l’été (Pleno verano, 2000) filmean Arab Strap Eskoziako musika bandaren Soaps kanta entzun dezakegu. Filmak uda koloreak ditu, eta hainbat esnatze momentu politen artean abesti hau.

Lagun baten proposamena da hurrengoa, Georges Delerue konpositore frantsesarena, A little romance (Un pequeño romance, 1979) filmekoa. Harrigarria da nola melodiak, filmeko artikulazio emozional gisa, erakusten ez den hori azaleratzen laguntzen duen.

Kasu honetan, filmarik ez dut ikusi, deskubrimendu berria baita; Fatima Al Qadiri artistaren magia.

David Lynch zinemagile estatubatuarraren The Straight Story (Una historia verdadera, 1999) filmeko Angelo Badalamenti konpositorearen soinu banda hunkigarriak pertsonaiaren barne bidaia emozionala ilustratzen digu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide