Meaga eta Zarautz arteko errepide zati bat konpontzeko proiektua onartu du aldundiak

Intza Trula 2024ko abenduaren 17a

Meaga eta Zarautz lotzen dituen GI-6233 errepidea. (Google Maps)

Lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 1,24 milioi eurokoa da, zortzi hilabeteko gauzatze-epearekin.

Meaga eta Zarautz lotzen dituen GI-2633 errepideko zati bat konpontzeko proiektua onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakundeak zehaztu duenez, lizitaziorako oinarrizko aurrekontu eguneratua 1,24 milioi eurokoa da (BEZ barne), eta hori gauzatzeko zortzi hilabeteko epea izango du enpresa esleipendunak.

Zehazki, 2,455 eta 2,610 kilometroen artean egingo dituzte proiektuan jasotako obrak; izan ere, tarte horretan pitzadurak, zulatzeak eta hondoratzeak ditu errepideak, bai plataformaren betegarrian bai azpiko zoruan.

Onartutako proiektuak lurra egonkortzeko irtenbide tekniko espezifikoak jasotzen ditu, errepidearen funtzionaltasuna berrezartzeko eta konponbideak denboran iraungo duela bermatzeko. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu du  esku-hartze hori "ezinbestekoa" dela lurraldeko hiriguneak eta jarduera ekonomikoko guneak lotzen dituen errepide batean "arriskuak saihesteko".

Berasaluzek, gainera, azkar jokatu dutela iritzi dio: "Esku-hartze honekin, erantzun eraginkorra ematen zaio arazo bati; horrela izan ez balitz, bidearen eta erabiltzaileen segurtasuna arriskuan egon liteke".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide