Bederatzigarren Ramon Serras argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte ostiralean

Intza Trula 2024ko abenduaren 17a

VIII. Ramon Serras Argazki Lehiaketako saridunak. (Zarauzko Argazkizale Elkartea)

Jubilazioa gaia ardatz hartuta aurkeztu dituzte lanak parte hartzaileek. Sari banaketa ekitaldia 18:30ean hasiko da, Euskalduna tabernan.

Ostiral honetan emango dute amaitutzat bederatzigarren Ramon Serras argazki lehiaketa, sari banaketa ekitaldiarekin. 18:30ean jarri dute hitzordua, Euskalduna tabernan.

Hain justu, Jubilazioa gaia landu behar izan dute argazkilariek azken edizio honetan, eta horri lotuta aurkeztu dituzte lanak.

Zarauzko Argazkizale Elkarteak udalaren laguntzarekin eta Euskalduna tabernaren babesarekin antolatu du sariketa, eta honakoak izango dira banatuko dituzten sariak: lehen sarituak 600 euro eta garaikurra jasoko du; bigarrenak, 300 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, 200 euro eta garaikurra. Argazkilari elkarteak bi sari eskainiko ditu zarauztarren lanentzat: lehen saria 200 euro eta garaikurra izango dira, eta bigarrena, 100 euro. Horrez gain, antolatzaileek nahi adina aipamen berezi eman ahal izango dituzte, bakoitza 100 eurorekin sarituak.

Gainera, urtero bezala, epaimahaikideek aukeratutako argazki onenekin erakusketa zabalduko dute Euskaldunan bertan, eta abenduaren 23tik otsailaren 6ra ikusgai izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide