Gukasteka

Chiara Guarnieri: "Euskarak liluratuta utzi ninduen"

Aitziber Arzallus 2024ko abe. 17a, 11:00

Chiara Guarnieri. (Utzitakoa)

Chiara Guarnierik (Castiraga Vidardo, Italia, 1990) zazpi urte daramatza Zarautzen bizitzen, eta lau besterik ez euskara ikasten, baina erraztasun handia nabari zaio. Autoikaskuntza bidez ari da hizkuntza ikasten, eta Mintzalagun programan parte hartzen hasi da orain gutxi. Izan ere, egunerokoan euskaraz jarduteko aukera handirik ez du, eta Mintzalagun egitasmoak jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko aukera ematen dizkio.

Noiz izan zenuen euskararekin lehen harremana?

Orain dela zazpi urte Euskal Herrira bizitzera etorri nintzen hemen lana aurkitu nuelako, eta euskararekin lehen harremana orduan izan nuen. Italian, unibertsitate garaian, Itzulpengintza ikasketak egin nituen, eta gaztelania eta Espainiako kultura ikasi nituen. Euskal Herria eta euskara bazirela banekien, Bilbo oso hiri industriala zela eta orain asko aldatzen ari zela eta horrelako gauza batzuk entzunda nituen, baina hemen sekula izan gabe nintzen.

Zer sentitu zenuen Zarautzera iritsi eta euskararekin aurrez aurre topo egin zenuenean?

Banekien zer zen eta nolakoa zen euskara, entzunda neukan, baina hona iritsitakoan konturatu nintzen zeinen desberdina zen ezagutzen nituen beste hizkuntza guztien ondoan. Hizkuntza oso misteriotsua iruditu zitzaidan, eta xarma handikoa ere bai; liluratuta gelditu nintzen.

Noiz hasi zinen euskara ikasten?

Hemen egin nituen lehen hiru urteetan ez nuen aukerarik izan, baina orain dela lau urte erronka hori jarri nion neure buruari. Euskaltegian hasi nahi nuen, baina nire laneko ordutegiengatik ezinezkoa zait egunero euskaltegiko eskoletara joatea, eta beste aukera bat eman zidaten: autoikaskuntza egitea. Beraz, etxean neure kabuz ariketak egiten joaten naiz, eta gero, astean behin joaten naiz euskaltegira, eta han nire tutoreak dauzkadan zalantzak-eta argitzen dizkit.

Diziplina handia eskatuko du euskara modu horretan ikasteak, ezta?

Niri asko gustatzen zait autoikaskuntza; diziplina handia izatea eskatzen du, baina lan ordutegira moldatzeko aukera ematen dit eta, gainera, daukadan lan kargaren arabera, aste batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago egin nezake. Gakoa da ez uztea eta jarraitzea; denbora gutxiago duzunean, gutxiago egingo duzu, baina pixka bat bada ere beti egin behar duzu.

Hala ere, gauza bat da euskara ikastea eta bestea kalean hitz egitea. Nola egin zenuen jauzi hori?

Lehen bi urteetan ez nintzen ausartzen kalean euskaraz egiten, lotsa ematen baitzidan. Urteotan, euskara azterketa asko egin eta gainditu ditut: A1, A2, B1 eta B2. Orain C1 ateratzen ari naiz; idazlana gainditu dut eta larunbatean idatzizkoa egingo dut, eta egia esan, urduri nago. Bada, B2 gainditu arte, uztailera arte, neure buruarekin ez neukan konfiantzarik euskaraz hitz egiteko; ez dakit zergatik, baina hala gertatzen zitzaidan. Abuztuan, ordea, barnetegi batean egon nintzen hamabi egunez, eta handik irtetean beste era batera sentitzen nintzen. Esperientzia izugarria izan zen, errepikatu nuke eta errepikatuko dut, oso ondo pasatu bainuen, eta asko ikasteko balio izan zidan. Lehen egunean sekulako kolpea hartua nuen, nire taldekideak euskaldun zaharrak baitziren eta ez bainintzen gai sentitzen haiekin hitz egiteko, baina oso denbora gutxian jariotasuna eta konfiantza lortu nituen, batez ere konfiantza.

Barnetegitik irten zinenetik, euskaraz egiten al duzu kalean?

Saiatzen naiz hala egiten. Ingeles irakaslea naiz akademia batean eta lantokia ingelesez bakarrik hitz egiten dut, baina handik kanpora ahal dudan guztia euskaraz egiten saiatzen naiz, euskaraz egiteko edozein aukera aprobetxatzen dut.

Mintzalagun programan parte hartzen ari zara orain. Noiz hasi zinen?

Hasiberria naiz, hilabetetxo bat besterik ez daramat. Lehenengo hiru saioak Zumaian egin nituen, Zarautzen ez zegoelako talderik, baina gero talde bat sortu zen Zarautzen, eta orain talde horretan parte hartzen ari naiz. Bi aldiz bildu naiz Zarauzko taldekideekin, beno, taldekideetako batekin; berez, lau gara, baina orain arte bi bildu izan gara, besteek ezin izan dutelako.

Eta zer moduz?

Oso ondo, jendea ezagutzeko eta euskaraz hitz egiteko aukera izatea paregabea da niretzako, eta Mintzalagunek bi gauza horiek ahalbidetzen ditu. Gainera, nahiz eta oraindik nik ez dudan parte hartzeko aukerarik izan, badakit asteburu batzuetan txangoak ere antolatzen dituztela, eta txango horiek ere aukera ona iruditzen zaizkit jendea ezagutzeko, euskara praktikatzeko eta hizkuntzan murgiltzeko, nire eguneroko bizitzan ez baitut aukera handirik.

Mintzalagun programan euskara ikasleek parte har dezakete, baina euskaldun zaharrek ere bai, bidelagun gisa. Zer esango zenioke izena eman ala ez zalantzan dabilen horri?

Animatzeko eta izena emateko. Zenbat eta jende gehiago, orduan eta hobe; ekintza osagarri gehiago egiteko aukera izango genuke, eta hori beti da interesgarria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide