Trikiti doinuekin dantzan eta kantuan ibili dira zarauztarrak asteburuan

Julene Sorarrain 2024ko abenduaren 16a

Zarautz Trik elkarteko ikasleak aurreko ostiraleko jaialdian. (Zarautz Trik)

Zarautz Trik jaialdiaren laugarren edizioa ospatu zuten aurreko ostiralean, Modelon. Zarautz Trik elkarteko ikasleek eta Tapia eta Leturia Bandek girotu zuten aretoa, Jalgi dantza taldeko kideen laguntzarekin.

Trikiti doinuek alaitu zuten Modelo aretoa pasa den ostiralean, izan ere, Zarautz Trik Jaialdiaren laugarren edizioa ospatu zuten. Guztira elkarteko hamalau ikasle igo ziren oholtza gainera. Aurten instrumentazio aldetik, perkusioak garrantzi handiagoa hartu du eta, trikitia ez ezik, gitarra akustikoa ere sartu zuten kantu batzuetan. Ikasleen ondoren, Tapia eta Leturia Banden txanda izan zen. Mota askotako kantak entzun ziren aretoan, batzuk herrikoiak eta besteak, aldiz, oraingoak, adibidez, Neomak taldearen kanturen bat, guztiak ikasleen erara moldatuta.

Antolatzaileek ekitaldiaren balorazio positiboa egin dute, eta azaldu dute jasotako feedback-ei esker datozen edizioak antolatzeko gogoz daudela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide