XIII. Arabako Fandango eta Arin-arin Koreografia Txapelketan bigarren postua eskuratu du Jalgi dantza taldeak, Oroimenez koreografiarekin. Gasteizko Federico Garcia Lorca antzokian jokatu zuten txapelketa, larunbatean, Arabako Dantzarien Biltzarrak antolatuta.
Aurtengo edizioan, Lezoko (Gipuzkoa) Zubitxo dantza taldea izan da garaile, Trikitixa eta panderoa koreografiarekin. Hirugarren postua, berriz, Bergarako (Gipuzkoa) Taupa taldearentzat izan da, Aldapan fandangoa koreografiari esker.
Bigarren urtez jarraian aurkeztu dira Jalgiko dantzariak sariketara. Iaz, hirugarren postuan geratu ziren, eta aurtengoan bigarren saria irabazi dute. Bi txapelketetan aurkeztutako koreografiak Jalgiko irakasle Jon Arsuagak sortu ditu.
Jalgiko dantzarien aburuz, esperientzia "polita" bizi dute asteburuan, eta datorren urteko txapelketara aurkeztuko direla ere aurreratu dute. Hala eta guztiz ere, datozen hilabeteetan herri mailan antolatzen diren ekitaldietan parte hartzen jarraituko dutela gaineratu dute; haurrekin batera antolatutako inauterietako kalejiran, esaterako.