"Zarauzko historiari eta ondareari lotutako elkarte bat" sortu nahi dute zenbait herritarrek

Julene Sorarrain 2024ko abenduaren 15a

Astazubi plaza garbitegi zaharra 1925ean. (Zarauzko Argazki Artxiboa)

Abenduaren 20an, ostiralarekin, 18:00etan bilduko dira Antoniano Aretoan, eta dei egin diete Zarauzko historialari eta historiazaleei beraiekin bat egiteko. 

Zarauztar talde batek herriaren "azken urteotako bilakaera frenetikoa hobeto ulertzeko eta gaur egungo egoera modu egokian interpretatzeko" beharra nabaritu du. Horretarako, deialdia egin diete herritar guztiei abenduaren 20an, 18:00etan, beraiekin Antoniano Aretoan biltzeko, historia, etnografia eta ondareari lotutako elkarte bat sortzeko helburuarekin. 

Deialdi irekia da baina batez ere historialariei, historiazaleei, Historia ikasleei eta istorio kontalariei zuzenduta dago. "Elkartzea bera da lehen helburua. Ondoren, denon artean erabakiko dugu aurrera begira zer egin: elkarte bat sortu ala ez, maiztasun konkretu batekin biltzen hasi, proiektu zehatzen bat martxan jarri... eta dena gure neurrira egin, indarrak ondo neurtuta eta erre gabe", eman dute aditzera egitasmoaren antolatzaileek. 

Deialdia deitu dutenek, gainera, "gure ondare materiala eta inmateriala lehenbailen dokumentatu eta babestea" beharrezkotzat jo dute, izan ere, "ahanzturan erortzeko arrisku larrian baitago". 

Inguruko herri askotan historia, etnografia eta ondareari lotutako elkarteak daudela ere azpimarratu dute, eta horiek hitzaldi-zikloak eta erakusketak antolatu, ondare elementuak zeharberritu, aldizkariak argitaratu eta herriari buruzko curriculuma sortu dute. "Zarautzen, aldiz, ez dago horrelako egitasmoak artikulatuko dituen elkarterik. Hainbat gabiltza gure udalerriari buruzko ikerketan, bakoitza bere aldetik, baina inolako lotura eta antolaketarik gabe, eta gure lanari behar besteko sona eta erakusgarritasunik eman gabe", gehitu dute. 

Hori horrela, hainbat norbanakok eta eragilek hausnarketa prozesu txiki bat abiatu dute "modu informalean", eta horren barruan, galdera bat luzatu nahi diote herriari: "Ba al dago interesik eta indarrik Zarautzen horrelako elkarte bat sortzeko? Egingarria al da? Ala aurrez sortuta dauden beste dinamika batzuk zapaldu edo oztopatu ditzake?". 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide