Gastronomia aitzakitzat hartuta, beste herrialde batzuetatik etorritako bizilagunekin harremanak sendotzeko xedearekin sortu zen Bertakoak. Egitasmoak arrakasta izan zuen lehen alditik, eta aurten, larunbatean, zortzigarrenez ospatu dute.
Zarauzko zazpi elkartetan egin zituzten bazkariak, eta bertan 200 bat lagunek parte hartu zutela azaldu dute antolatzaileek. Guatemala eta Honduraseko gastronomia ezagutu zuten Ongi Etorri elkartean, Mexikokoa Galeperran, Ukrainakoa Alkartasunan, Nikaraguakoa Iñurritzan, Argentinakoa Itxas Mendin, Senegalekoa Arranon eta Txilekoa Carballeiran. Une ederrak pasatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek sabela gure artean ohikoak ez diren jakiekin betetzen zuten bitartean.