Lan oso txukuna eginda amaitu du Aner Peritzek Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Ane Olaizola 2024ko abenduaren 14a

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalistak, gaur, Illunben. (Bertsozale)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala jokatu dute gaur Donostian. Zortzi bertsolari aritu dira lehian, eta Alaia Martinek jantzi du txapela. Aner Peritz bosgarren sailkatu da, eta 25 urtez azpiko txapelketako bertsolari onenarena ere jaso du.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala jokatu dute gaur arratsaldean zortzi bertsolarik Donostian, Ilunben. Alaia Martinek jantzi du txapela, Beñat Gaztelumendirekin buruz buru aritu ondoren. Saio gogoangarria eskaini dute bertsolariek, eta gogotik gozatu dute zaleek.

Aner Peritzek eserleku bat izan du gaur agertokian, eta bosgarren postua eskuratu du, 617 puntu batuta. Parte hartzaile guztiek jaso dute saria, eta Peritzek, sari horrez gain, 25 urtez azpiko txapelketako bertsolari onenarena ere jaso du, Patxi Goikolea Zabalaren eskutik; Larraitz Iparragirre Guenetxea artistak egindako obra bat.

Martinek, Gaztelumendik eta Peritzek ez ezik, Oihana Iguaranek, Ane Labakak, Nerea Elustondok, Eneritz Artetxek eta Andoni Rekondok ere kantatu due finalean. Zortzi bertsolariek 2026an jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela lortuta dute.

Honako hau da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finaleko sailkapena:

Alaia Martin: 1099,5 puntu.

Beñat Gaztelumendi: 1054,5 puntu.

Oihana Iguaran: 637 puntu.

Ane Labaka: 626 puntu.

Aner Peritz: 617 puntu.

Nerea Elustondo: 590 puntu.

Andoni Rekondo:  578,5 puntu.

Eneritz Artetxe:  574,5 puntu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide