Batzuetan pasatzen zaigu, gutxien uste dugunean, berez oso urruti dauden irudi edo gertakizunak lotu egiten dizkigula buruak. Halaxe, neuri, orain egun batzuk.
Urriak 31. Santu Guztien Egunaren bezpera. Gau beltza. Halloween. Iluntzea, Zarautzen nago, denda txiki baten atarian. Neska koskor batzuk datoz, mozorrotuta, euren amek lagunduta. Ama pare batek animatu egin ditu dendan sartzera. Sartu dira neskatoak, eta esku hutsik atera. Ez dute ezer erosi. Ez diete ezer oparitu. Helduetako bat ez dago gustura, eta ozen esan du, zeozer eman ba sikiera, dirua ez bada pastaren bat edo…
Handik gutxira, dendariaren harriduraren lekuko izan naiz. Aidanez, ez da eskean sartu den lehen taldea. Mutil koskor talde batek truco o trato esan omen dio. Berak, aukeran eman, gozokiak ala dirua; eta gaztetxoek, azkar bai azkar: "Dinero, dinero!".
Gertakari xumeak dantzan jarri dit burua. Atzo (batzuek behintzat) ez genekien zer zen jalouinaren kontu hori. Gaur, zer duk eta gaztetxoak (batzuk, noski) nola edo hala mozorrotu eta diru eskean. Urliari munta gutxiko kontua irudituko zaio, Sandiari amerikanada bat, Berendiari kapitalismoaren enegarren garaipena… Nik zer dakit.
Kontua da irudi horrek beste bat esnatu zidala kolpean.
Orain urte dexente. Abenduak 24. Gabon gaua. Eskolatik, talde batek kalez kale irtengo du kantari. Kuadrillakoek, ordea, etxez etxe nahi dute, diru eske. Nik haiekin nahi dudala esan diet gurasoei. Gure aitak, ezetz: orduan, zer, etxe batean atea joko duzu, kantu bat kantatu, eta dirua eskatuko diozu ezagutzen ez duzun pertsona bati, jakin gabe zuk baino diru gehiago ala gutxiago daukan, premia duen ala ez, eta jakinda, gainera, zuk ez duzula diru hori behar ezertarako? Azkenean, aitak amore eman zuen (gurasoen elkarrizketa imajinatzen dut orain), eta ni lagunekin. Baina bizi naizen bitartean gogoratuko dut adin handiko emakume batek atea ireki zigun unean sentitu nuena: nola demontre eskatu geniezaiokeen dirua andre hari, zeinak ziurrenik pentsio txiki bat kobratuko zuen, auskalo alarguna ote zen ere, familiarik ba ote zuen… Ez nekien ezer. Zertan ari nintzen han? Ezin al genuen kantatu eta alde egin, ezer eskatu gabe? Urratu bat sentitu nuen barruan, aitak esandakoa harri bat bezala erori zitzaidan arimaren putzuan.
Gau Beltza joan zen, atarian ditugu Gabonak. Seguru samar, berriz ere diru eske ikusiko ditut gaztetxo taldeak. Eta, seguru asko, berriz nahastuko zaizkit irudiak buruan: ama hura, eskatzeko esaka; haurrak, dinero, dinero eginez; dendariaren harridura… Baina ezin dut ahaztu aitak esan zidana ere. Eta ez dut ahaztu nahi.