Musika eskolak hainbat ekitaldi antolatu ditu Gabonetarako

Aritz Mutiozabal 2024ko abenduaren 13a

Musika eskolako ikasleak eta irakasleak, Musikalean egitasmoan. (Aritz Mutiozabal)

Bihar eguerdian Kantu-Jira Txikia egingo dute, Imanol Urbieta Udal Musika Eskolatik abiatuta. Datorren astean, berriz, kalejira eta bi kontzertu eskainiko dituzte.

Imanol Urbieta Udal Musika Eskolak Gabonei begirako hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako. Oinarria nagusia musika eta urte amaierako egun berezi hauek izango diren arren, emanaldi bakoitzak bere berezitasunak izango ditu.

Lehendabizikoa bihar eguerdian egingo dute, eta bertan musika eskolako txikienak izango dira protagonistak. Izan ere, Kantu-Jira Txikia egingo dute herriko kaleetan barna, 12:00etan musika eskolatik abiatuta. Abenduaren 18an, asteazkenean, haize-egur eta haize-metal ikasleen kalejira izango da; hauek ere musika eskolatik abiatuko dira, 18:00etan.

Abenduaren 19an eta 20an, berriz, kontzertuen txanda etorriko da. eta biak ala biak San Pelaioko ermitan eskainiko dituzte. Ostegunean, 18:00etan, zeharkako flautako ikasleek honako abestiak interpretatuko dituzte: besteak beste, Gabeko izar, Kanta Aleluia, Hator, hator, Jingle Bells eta Christmas song. Ostiralean, bien bitartean, piano, biolin eta biolontxeloko ikasleek emango dute Gabonetako kontzertua, 18:30etik aurrera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide