Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak Heldu bilakatzearen abentura izeneko gida bidali du Zarauzko ikastetxeetara aurten ere. Sexualitateari buruzko informazioa jasotzen duen gida horiek Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei banatuko dizkiete, laugarren urtez jarraian.
Besteak beste, familiak seme-alabekin sexualitateari buruz hitz egitera animatzea du xede gida horrek. Irrimarra enpresak egindako marrazkiek eta Aitziber Estonba sexologoak –Berdintasun sailak martxan jarritako sexu aholkularitza zerbitzuaren eta ikastetxeetako berdintasun programen zuzendaria ere bada– adingabeen adinera egokituta idatzitako testuek osatzen dute gida.
Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, gida hori "modu polita" izan daiteke nerabezaroa hasi aurretik gaztetxoek beren gorputzetan izango dituzten aldaketei buruzko informazioa irakurtzeko eta horiez naturaltasunez hitz egiteko.
Gainera, "funtsezkoa" iruditzen zaio familian sexualitateaz modu seguruan eta naturaltasunez hitz egitea; izan ere, hark jakinarazi duenez, adin digitalean, 12 urtetik beherako lau adingabetik batek pornografia eskuratu du jada. "Familian sexualitateaz hitz egiteko oraindik dauden tabuak apurtu egin behar ditugu, eta uste dugu gida txiki hau tresna ona izan daitekeela Gabonetarako".