Zarautz Trik elkarteak antolatuta, Zarautz Trik jaialdiaren laugarren edizioa egingo dute gaur arratsaldean. Guztira, elkarteko hamalau ikasle igoko dira oholtza gainera, 18:30ean hasita, eta, ondoren, Tapia eta Leturia Banden txanda izango da, 20:00etan. Gainera, Jalgi dantza taldeko zortzi dantzari ere izango dituzte gonbidatu gisa.
"Guretzat ohore handia da Tapia eta Leturia bezalako bikote edo talde batek gure jaialdian jotzeko gonbidapena onartzea. Erreferenteak dira trikiti munduan, eta, gainera, banda ederrarekin dabiltza kontzertuak eskaintzen", azaldu du Aratz Olaizola jaialdiaren antolatzaileak. "Gainera, gure ikasleentzat ere oso aberasgarria izango da haien errepertorioa, moldaketak eta ahotsak entzutea", gaineratu du.
Aurten, ikasleen emanaldia berreskuratu nahi izan dute; izan ere, iaz ez zuten halakorik egin. Aurkezle lanetan Aimar Sorazu arituko da. "Instrumentu aldetik, perkusioak garrantzi handiagoa hartuko du, eta, gainera, gitarra akustikoa ere sartuko dugu kantu batzuetan. Bestela, formatu originalarekin jarraitu dugu, eta bi emanaldien artean txartelen zozketa egingo dugu. Oraindik txartelak salgai daude; beraz, animatu erostera, sari politak dauzkagu-eta gure laguntzaileen eskutik", gehitu du Olaizolak.
Emanaldia gaur eskainiko dute, Modelo aretoan. Sarrerek 12 euro balio dute, eta Modeloko leihatilan eta Kutxabanken webgunean eskura daitezke.