Astelehenetik aurrera izango da eskuragarri 2025ko udal egutegia

Julene Sorarrain 2024ko abenduaren 14a

Zarautz Argazkizale Elkartearekin elkarlanean osatu dute aurtengo egutegia. Abenduaren 16tik aurrera eskuratuko ahalko dute herritarrek Turismo Bulegoan. 

Zarauzko Udalak, Argazkizale Elkartearekin elkarlanean, 2025ko udal egutegi berria aurkeztu du udalbatzar aretoan. Bertan izan dira Leire Arana zinegotzia eta Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideak.

Ohiko moduan, argazkizale Elkarteko kideek aurkezturiko argazkiekin osatu dute egutegia. Hilabete bakoitza egile baten argazkiak irudikatzen du: azala, Aitor Juaristi; urtarrila, Marisa di Santo; otsaila, Isabel Agirretxe; martxoa, Celina Gorostizagoitia; apirila, Arbil Iciar; maiatza, Jokin Izar; ekaina, Cristina Pedrosa; uztaila, Lorentxo Portularrume; abuztua, Jon Atxurtegi; iraila, Patricia Schaan; urria, Alberto Zarobe; azaroa, Unai Aizpurua; abendua, Luis Epelde; eta kontrazala, Iñigo Rico.

Bestalde, Aranak jakinarazi du "udalaren eskuetatik kanpo" egon den arazo batengatik, hainbat argazki eta argazkilariren izenek ez dutela bat egingo egutegiko zenbait hilabeteetan. 

Egutegia astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango da Turismo Bulegoan, 09:30etik aurrera. Doakoa da, eta herritar bakoitzak hiru egutegi eskuratu ahal izango ditu gehienez ere. Bi formatu jarriko dituzte aukeran, mahai gainekoa eta paretakoa. "Arrakasta ikusita, urtero kopuruak igotzen joan gara. Iaz, paretako aleen kopurua igo genuen, eta aurten mahai gaineko 1.000 ale gehiago atera ditugu", azaldu du Aranak. Hori horrela, aurten paretako 6.000 ale eta mahai gaineko 3.000 ale argitaratu dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide