Noriara igo denari ez galdetu ea noriak pegatzen ote duen hiri horretan: noriatik ez da noria ikusten. Noriatik itsasoa ikusten da, hondarra, irla, olatuak, baranda, mendiak, etxeak, mundruna. Noriarik gabe ere ikus daitezke horiek guztiak, baina nondik begiratu jakin behar. Nik beste mila gauzaz idatzi nahi nuen, baina iruditu zait ezin nuela besterik egin. Norian nago eta ezin dut mugimendu hau normalizatu, ezin dut ez baneki bezala jokatu, eta agian ez dut nahi. Udaberrian hasi nuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta etzi amaituko dut. Barregura ematen dit orain, baina ze luzea. Hau ere idatzi nahi nizuen.
Bertsokideak. Lagunak. Bertsokide izan zaretenak. Zaretenak. Bertsolaritzak inporta ez baina besterik jasan ez duzuen kideak. Saioa baino bost egun lehenagotik hasita animo-mezuak bidali dizkidazuenak. Saioaren ondoren zermoduz-mezuak bidali dizkidazuenak. Telefono-deiak eta bideo-deiak. Besarkatu nauzuenak.
Etxera entrenatzera etorri zaretenak. Etorri direnean etxean zeundetenak. Etxeak eskaini dituzuenak. Gaiak audioz bidali dizkidazuenak. Garajeak. Sofak. Txokoak. Salak. Elkarteak. Kultur-etxeak. Gaztetxeak. Ganbarak. Euskaltegiak. Koadernoak. Kotxe-gidariak. Kafe-hartzaileak. Gosari-kideak. Zinema-lagunak. Gominola-erosleak. Doinuak hautatzen lagundu didazuenak. «Polita da baina gaizki geratzen zaizu» esan duzuenak. Doinuei buruz, arropei buruz.
Outfiten aholkulariak. Kritikoak. Arropen link-bidaltzaile konpultsiboak. Makilatzaileak. Erosketetara lagundu nauzuenak. Zuen etxeko armairua, maleta ireki dizkidazuenak. Jertseak eraman dituzuenak gradak okupatzeko. Whatsappeko inkesten sortzaileak. Afaltzera geratu zaretenak. Festara geratu zaretenak. Festara geratu ez zaretenak.
Festatik kanpo geratu zinetenak. Hau festa bezala bizi ezin izan duzuenak. Kalean geratu zareten lagun guztiak. Amorru propioz eta hala ere laguntzen jarraitu duzuenak. Prest egon zaretenak. Prest egon ez zaretenak. Agurra hautatu didazuenak. Egin didazuenak. Behar bezalako agurrik eskaini ez dizuedanak. Eskainiko ez dizuedanak. Kokoteraino zaudetenak. Inbidia duzuenak. Izan duzuenak. Zeuen burua zalantzan jarri duzuenak.
Iritzia osorik irakur daiteke Berria.eus atarian.