Itsasoaren (h)egiak, atzoko eta gaurko errefuxiatuen istorioak oinarri dituen ikus-entzunezkoa, estreinatuko dute gaur Modelon, 18:00etan hasita. GUKAk Zarauzko Udalarentzat egindako ikus-entzunezkoa da aipatutakoa, eta ikustera joateko interesa dutenek sarrera doan izango dute, edukiera bete arte.
Bertan, Andoni Odriozola zarauztarra da protagonista nagusia. Egun 92 urte ditu hark, baina oso txikia zela, 4 urterekin zehazki, Belgikara errefuxiatu zen bere anaiarekin batera. Zarautzen arriskuan zeuden, eta bizitza lasai eta duin baten esperoan ihes egin behar izan zuten. Gerratik ihes. Armetatik ihes. Zorigaiztotik ihes. Gaur egungo errefuxiatuak bezala.
Lehen pertsonan bizitako esperientzia hori errefuxiatuekin gaur egun lan egiten duten elkarteen testigantzekin dago osatuta: Zaporeak, Itsas Salbamendu Humanitarioa eta Cear Euskadi. Bertako langile zein boluntarioek azalduko dute elkarte bakoitzak zer egiten duen errefuxiatuei bizitza duinagoa lortzen laguntzeko.
Herriko haurrei aitortza
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen asteartean, eta egun horri lotuta antolatu nahi izan du udalak ekitaldia; hain zuzen ere, herriko gerrako haurrei aitortza egingo die bertan. Ekitaldian dinamizatzaile lanak Xabier Euzkitzek egingo ditu, eta errefuxiatuen eta beren eskubideen alde lan egiten duten honako elkarteek hartuko dute hitza: Hotz-Zarautz, Itsas Salbamendu Humanitarioa, Zaporeak eta Saharautz elkarteek. "Iraganean, askok itsasoz ihes egin behar izan zuten Euskaditik, eta, hain zuzen ere, itsasoz etortzen dira oraingo errefuxiatu asko", adierazi du Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak. Hark gaineratu du "itsasoan bizi izan zena eta itsasoan bizitzen dena" dela dokumentalaren oinarria.